Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Nafarroako Kutxako auziko beste auzipetuek ez zutela eroskeria deliturik egin uste du Auzitegi Goreneko fiskalak.
Txosten batean, argudiatu du Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiak, Alvaro Miranda gobernuko presidenteorde ohiak, Enrique Goñi Nafarroako Kutxako presidente ohiak, Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Barcinak berak Nafarroako Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko bileretara joateagatik jasotzen zituztela dietak eta, beraz, ezin dela ondorioztatu kontraprestaziorik gabeko dietak izan direla. Ikerketa abiatzeko "zantzurik" ez dagoela ondorioztatu du. 31.324 euro inguru jaso zituen Barcinak.
Diario de Navarra egunkariak eman du fiskalaren txostenaren berri. Nafarroako fiskalak ere jarrera bertsua agertu zuen auzia Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiaren esku zegoenean. Orain, Auzitegi Goreneko bigarren aretoari dagokio ikerketa bat abiatzeari buruz erabakitzea.
Auzia Iruñeko epaitegi horretako epaile Maria Paz Benito ari zen ikertzen, baina Barcina forudun dela-eta, ezin zuen hura inputatu gisa deklaratzera deitu. Horregatik, auzia Espainiako Auzitegi Gorenaren esku utzi zuen, hark ahalmena baitu Barcina inputatzeko.
"Nahiko elementu daude Barcina andereak erantzukizun penalak izan ditzakeela kontuan hartzeko", ohartarazi zion Benitok Auzitegi Gorenari. Epaileak azaldu zuenez, "dietak jasotzeko aitzakia baino ez ziren bilerak", eta ez zuten lege sostengurik.