Barcinaren agurra

Barcina: "Lauko gobernu nazionalista bat izango da gobernu berria"

UPNren gobernua gaur bildu da azken aldiz, eta Yolanda Barcinak, adierazle ekonomiko batzuk ahoan hartuta, esan du Nafarroa egoera onean uzten duela. 

Yolanda Barcina, gaurko agerraldira bidean. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
jon ordonez garmendia
2015eko uztailaren 16a
07:30
Entzun

Nafarroako Parlamentuan aldaketaren alderdiek gobernu berria zehazten zuten bitartean, Yolanda Barcinak eta haren gobernuak agur esan dute. Nafarroako presidenteak hiru orduko aurrerapenarekin deitu ditu hedabideak, eta agurrekoan zenbait datu ekonomiko erabili ditu Nafarroaz egoera idilikoa emateko. Gobernu berriaz ez du balorazio askorik egin nahi izan, baina bi xehetasun utzi ditu: batetik, esan du profil teknikoa duen jendeak osatu arren "lauko gobernu nazionalista bat" izango dela (hiru bider erabili ditu hitz horiek, ondo nabarmenduz); bestetik, esan du gobernu berriak lan errazagoa izango duela berak egoera bideratuta uzten duelako. Gainerakoan, Barkosei zer gomendio emango liokeen galdetuta, esan du du esan beharrekoa pribatuan esango diola.

Agerraldiaren hasieran azaldu duenez, botere aldaketa ordenatu bat nahi du, eta horretarako egoera zein den argi utzi nahi izan du. Adierazle ekonomiko eta sozial batzuk erabili ditu horretarako, eta azken finean esan du Espainiako erkidegoen artean egoera onenean dagoena dela Nafarroa. Besteak beste, esan du defizit txikiena duen erkidegoa dela (0,74 2014an) eta 2011tik zorra gutxien handitu duena (%4,6). Bere hitzetan Nafarroa da langabezia eta pobrezia tasa txikienak dituena, eta murrizketak egin arren, hezkuntza eta osasungintza mailak handitu egin direla dio. Esan du ingelesaren ezagupena handitu egin dela eta itxaron zerrendak beste erkidego batzuetan baino motzagoak direla. Gaineratu du azken urteetan BPGa handitu egin dela urtero eta aurten BPGa %3 handitzea espero dutela. Modu horretan enplegua handitzea espero duela gaineratu du.

Guzti horrez gain, Volkswagenen BEZaren auzian zeuden "ziurgabetasunak" hizpide izan ditu bereziki bere agerraldian, eta bere gobernuak konpondu dituela adierazi du. Hor egindako lanagatik, eskerrak eman dizkie Lourdes Goikoetxeari, Espainiako Gobernuari, PSNri, PPri eta UPNri, besteak beste, itun ekonomikoan aldaketa bat onartzen laguntzeagatik. Galdetu diote ea UPNren botere galeraren erantzule sentitzen ote den, baina ez du erantzun eta soilik esan du nafarrek askatasunez bozkatu zutela maiatzaren 24ean.

Hemeretzi urte kargu publikoetan

Jakina zen presidente izateari utziko ziola. Hasiera batean, maiatzaren 24ko hauteskundeetan UPNko zerrendan joateko asmoa aurkeztu zuen, baina berehala egin behar izan zuen atzera, Esparzak esan baitzuen Barcina zerrendan bazihoan ez zela bera presidentegai izango. Nafarroako presidente kargua uzteaz gain, UPNren presidentetza ere utziko du. Kongresua egingo du UPNk uda ostean, eta beste presidente bat aukeratuko dute. Barcinak berretsi du NUPen eskolak ematera itzuliko dela, nahiz eta beste kargu publikoren bat hartzeari ateak ixten dizkion galdetuta aurreikuspenik egiten ez duela esan.

Hemeretzi urtez egon da politikaren lehen lerroan, eta bere kudeaketak argi baino itzal gehiago izan ditu. Nafarroako Kutxaren dieten auzia, Goikoetxea auzia, Osasunaren zorraren auzia, Osasunbideko jangela zerbitzuaren pribatizazioa (Mediterranea Catering), Reyno Arena pabiloia amaitu eta ireki ez izana, Donapea Opus Deiri emateko, Volkswagenen BEZaren auzia... Hori guztia gutxi ez, ordea, eta Iruñeko Udalean eta Nafarroako Gobernuan erakutsi duen harrokeria puztuz eman ditu hauteskundeen osteko egunak. Esan zuen ahalegina egingo duela Nafarroako eta UPNko "presidente ohi on bat" izateko. Jada jarduneko presidente zela, baina, maiatzaren 27an Espainiako telebistan Barcinak esan zuen KAS alternatiba ekarriko zuela EH Bilduk Nafarroara, eta hauteskundeen ostean sortu den egoera nazismoarekin alderatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.