Barcina, oposizio oro aurrean hartuta

Elkarrizketarako tarterik utzi gabe Iruñea «bere etxaldea balitz bezala» kudeatzea aurpegiratzen dio oposizioak Yolanda Barcina alkateari. Alderdi guztiek hirugarrenean gainditzeko xedea dute

joxerra senar
2007ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Askoren ahotan dago Miguel Sanz ordezkatzeko kinieletan lehen postuan dagoela Yolanda Barcina. Horretarako, ordea, ziurrenik Iruñeko Udalean hirugarren agintaldia bete beharko du, eta ez du lan erraza izango. UPNren eta CDNren bozek gehiengoa ematen ez badute, nekez lortuko baitu alkatetza. Izan ere, hala alderdi politikoen nola bizilagun elkarteen iritzia kontuan hartu gabe, oposizio oro aurrean hartuta bere ikuspuntua ezarri ohi izan du Barcinak zortzi urteotan. Hala azaldu dute oposizioko alderdiek, BERRIAk Barcinaren agintaldiaren inguruan galdetu dienean.

«Yolanda Barcinak lokartuta dagoen hiri bat sortu du, berrikuntzarik gabea. Iruñea bere etxaldea balitz bezala kudeatu du», laburbildu du Idoia Saralegik, Nafarroako Ezker Batuko zinegotziak. «Ez dute inolako partaidetzarik bultzatu. Itxi dute udala 200 giltzekin. Lotsagarria da, baina horrela da», iritzi dio Aralarreko Javier Eskubik. «Barcina eta bere taldeak ez dute ez ezer ez inor kontuan hartu. Kanpora begira, ez da parte-hartzerik egon, eta egin denean interesek zuzenduta izan da», PSNko Jorge Moriren arabera. EAko Iñaki Cabasesen iritziz, berriz, Iruñea «erakusleiho bihurtzen saiatu dira, ondoren gestioaren arrakasta bere buruari egozteko, baina kontuan hartu gabe ona edo txarra den hiritarrentzako».



INTERES PRIBATUEN MESEDETAN.Oposizioa bat dator adieraztean zerbitzu sozialak kaltetuak izan direla. «Ondare publikoak euren inguruko esku pribatuetara pasa dira», Iruñea Berriko Joxe Abaurrearen arabera. Horrez gain, euskal kultura ezaugarri duen ekimen orori«eraso» egin diotela gaineratu du - «hala nola, euskara, herri ekimenak, olentzeroak...»-.

Azken agintaldiko proiektu polemikoen artean Corte Ingles dago. 10.000 metro koadroko lur zorua metro koadroko 6.000 euroan saldu zuen udalak duela sei urte, garaiko prezioa baino merkeago. «Higiezin enpresa moduan jokatu du, Iruñe erdialdeko lur zorurik hoberenetakoa lortu diolako marka komertzial horri», iritzi dio Saralegik. «Gutxienez 18 milioi euro pasa dira esku pribatuetara. Udaletxeak alfonbra gorria jarri dio», Abaurrearen ustez.

«Baina, gainera, errege mago bezala jokatu du aparkalekura sartzea eta irtetea errazteko bi kale oparitu dizkiolako», Saralegik azaldu duenez. «Izugarria da, inoiz ez da halakorik ikusi hiri honetan», iritzi dio Morik. Oposizioko alderdiek gogorarazi dute zoru horretan Nafarroako Liburutegi Nagusia jartzeko asmoa zegoela, eta aukera hori galtzeaz gain atzeratu egin dela.

Corte Inglesak, dena den, izan du beste ondoriorik. Nafarroako Merkataritza Federaziotik salatu dute sektorea krisian dagoela. Iruñerri osoko saltoki handien eskaintzagatik, uneotanirekitzen direna baino denda gehiago ixten ari dira.«Duela bost urte esan genuen denda txikien kalterako izango zela Corte Ingles, dudarik gabe. Baina eurek esan zuten ezetz, kontrakoa: jarduera dinamizatzeko balioko zuela», azaldu du Eskubik. Abaurrearen iritzian, «Nafarroako Gobernuarekin batera, Iruñeko Udalaren ardura honetan erabatekoa da. Merkataritza txiki eta ertaina erasotzen duen eredu amerikarraren alde apustu egin dute ».

Iñaki Cabasesen arabera, «dirua barra-barra xahutzeagatik» egin da ezagun Barcinaren kudeaketa.Adibide bezala jarri du San Ferminen museoa egiteko 600.000 eurotik gora jarri zirela, baina gero proiektu hori ez dela aurrera atera.

Hezkuntzari dagokionez, duela zortzi urte soziologo batek egindako txostenak ondorioztatu zuen urtean haur eskola bat egin zitekeela: «Baina bi eskola baino ez dituzte egin eta horietako bat da Hello Rochapea. Arrotxapean 4.000 pertsonek egin dute haur eskola eskaerakin bat etagehienak euskaraz», Eskubik gogorarazi duenez.

Saralegiren arabera, etxebizitza politika, berriz, «penagarria» izan da. Araudiak Iruñean garatzen den proiektu bakoitzeko etxebizitzen erdiak babestuak izatea jasotzen duen arren, «gehienez jota %23ra iristen delako».

Oposizioaren ustez, jende askorentzat arazoa ez da etxebizitza falta, erosi ahal izatea baizik. «Etxebizitza politika espekulazioan oinarritua da. Arazoa ez da konpontzen eraikuntza gehiagorekin. Milaka etxebizitza huts daude Iruñerrian. Kontua da negozioa amaitzea», Abaurreak iritziz. Saralegik gogoratu du Iruñean 15.000 etxebizitza daudela hutsik, eta 20.000 Iruñerria osoan. Horiek merkatura ateratzea funtsezkotzat jotzen du.



«PORLANA DA NEGOZIOA». «Hemen eredua da porlana», Eskubiren ustez. «Negozioa dago porlanarekin. Eraikitzen dutenak lur zoruen jabeak dira gehienetan, aspaldi erosi zituztelako inguruko lurrak. Diru zikina dago atzetik, ziur». Orain, Gobernuak Gendulainen 19.000 etxebizitza egiteko asmoa du. Nafarroako bigarren hiri handiena izango litzateke. «Zentzugabea da.Hiri bat ez da etxebizitzen batuketa bat. Uneotan, Iruñean, ia etxebizitza kopuru hori eskaintzen da. Hauteskundeei begira egin da. Hirigintzak planifikazioa eta lur antolamendua exijitzen du. Gure ustez, Gendulain guztiz kontrakoa da», azaldu du Cabasesek.



«Iruñea erakusleiho bihurtzen saiatu dira, gestioaren arrakastabere buruari egozteko»

Iñaki cabases
Ea-EAJ




«Etxebizitzaren arazoa ez da konpontzen eraikuntza gehiagorekin: kontua da negozioa amaitzea»

joxe abaurrea
Iruñea berria




«Higiezin enpresa modura jokatu du, Iruñe erdialdekolur zorurik hoberenetarikoa lortu diolako Corte Inglesi»

Idoia saralegi
nafarroako Ezker Batua




«Hemen eredua da porlana. Negozioa dago porlanarekin, eta diru zikina dago atzetik, ziur»

Javier eskubi
aralar




«Barcina eta bere taldeak ez dute ez ezer ez inor kontuan hartu. Kanpora begira, ez da parte-hartzerik izan»

Jorge mori
PSN


 

iruñeko aLKaTeaK



Trantsizioaren ondoren, honako alkate hauek gobernatu dute Iruñean:

1979-1983: Julian Balduz (PSE-PSOE).

1983-1987: Julian Balduz (PSN).

1987-1991: Javier Chorraut (UPN).

1991-1995: Alfredo Jaime (UPN).

1995-1999: Javier Chorraut (CDN).

1999-2003: Yolanda Barcina (UPN).

2003-2007: Yolanda Barcina (UPN).



 

Yolanda Barcina



Jaioterria: Burgosen jaio zen, 1960ko apirilaren 4an.

Ikasketak. Elikadura eta Bromatologia katedraduna. Ezkondua dago, eta seme bat du.

Ibilbidea. 1996ko irailean independente moduan Nafarroako Ingurumen kontseilari izendatu zuten. Lehen emakume kontseilaria izan zen. Ondoren, 1999an, UPNk Iruñeko zerrendaburu hautatu eta hauteskundeak irabazita Iruñeko lehen emakume alkatea izan zen. Orain, hirugarren agintaldia errepikatu nahi du.

Euskara. Ez daki.



 

Euskal Jai eraisteaz eta «barraka politikoak» kentzeaz harro



Oposizioaren jarreraren inguruan, Yolanda Barcinak esan ohi du udal gobernuaren aurka egiteak batzen dituela. «Nire ustez, Iruñea aldatzen ari da gure taldearekin, eta eurek boterea lortzeaz hitz egiten dute, ziurrenik hitz egiteko baina gutxi egiteko». Iaz egin zitzaion elkarrizketa batean udal batzetan giro asaldatua sortzea egozten zion EA-EAJ koalizioko Iñaki Cabasesi: «Demokraten karnetak banatzeko eta gehiengoa dugunoi faxistak garela esateko ahalmena duela uste du. Hain jarrera dogmatikoekin eta iraingarriekin, normala da tentsioa sortzea».

Iaz, UPNren batzar batean aipatu zuen UPNren eta CDNren 13 zinegotziekin euren helburuak betetzea lortu zutela, «baita goi mailako horiek ere»: «Hala nola, Euskal Jai hustea eta eraistea; barraka politikoak kentzea; Batasunari sanferminetako kohetea botatzea zegokionean hori kentzea; aukeren berdintasuna bermatzeko euskararen inguruko udal arautegia aldatzea; eta lehen aldiz, ingelesezko eta gaztelerazko eskolak ezartzea». Neurri berean, orduan Barcinak zioen «diru publikoa kontrolatu» behar zela auzo jardueretan presoen aldeko egitaraurik egon ez dadin: «Askatasunerako espazioak irabazi ditugu, barraka politikoak kenduta,epaileek dioten bezala, dirua lortzen zutelako terrorismoarekin zerikusia duten jardueretarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.