Krisia Nafarroako Gobernuan

Barcina: "Rubalcaba jaunaren estatu erantzukizunaz fidatu behar dut une honetan"

Erabakia Madrilen hartzea nahi du Yolanda Barcinak.

Barcina, ikerketa batzordean, asteartean. IñIGO URIZ, ARP
jon ordonez garmendia
2014ko otsailaren 28a
13:34
Entzun

Azken egunetan Nafarroa astindu duen krisi politikoa une erabakigarrenera iritsi da. Ikerketa batzordeak gaur eman ditu bere ondorioak, eta espero da PSNk horien arabera Barcinaren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko duen edo ez erabakitzea, ziurrenik, bihar. Ondorioetan dimisioa emateko eta bozak aurreratzeko eskatu diote presidenteari, eta egin ezean, alderdiek neurriak hartu beharko dituztela gaineratu dute.

Yolanda Barcina, hala ere, baikor agertu da ondorioen aurretik, eta itxaropena PSOErengan jarrita duela aitortu du. Bere hitzetan Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak ez du arduraz jokatu, eta "bere interesen mesedetan jokatuz, Nafarroan eragin duenaz" ez dela jabetu gaineratu du. "Une honetan Rubalcaba jaunaren estatu erantzukizunaz fidatu behar dut", gaineratu du Barcinak.

Nafarroako krisi politikoak Nafarroaren mugak gainditu zituen hasiera batetik, eta erabakitzeko garaian ere gakoa Madrilen egongo dela dirudi. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak krisia piztu berritan esan zuen Nafarroa "estrategikoa" dela Espainiarentzat, eta herenegun Carlos Salvador UPNko parlamentariak Madrilen gaineratu zuen Nafarroa "hausten" bada, Espainia ere "hautsiko" dela. El Mundo egunkariak atzo argitaratu zuen PSOEk herenegun erabaki zuela zentsura mozioa baztertzea eta horren ordez Goikoetxearen dimisioa eta gobernuaren gaitzespena eskatuko zuela.

Barcina, Madrilera begira

Barcinak gaur azpimarratu egin du UPN eta PPren ideia hori: "PSNren jarrerak ez dakartza ondorioak soilik Nafarroako Gobernuan, baita maila nazionalean ere". PSOEren jarrerak, ordea, kolokan jar dezake Roberto Jimenez, atzera egiten badute bere irudia oposizioko buru bezala ukitu egingo lukeelako oraindik eta gehiago (Barcinaren presidenteorde izan zen agintaldiaren lehen erdian, PSN gobernuan zenean), hauteskundeetarako urtebete geratzen denean (aurreratzen ez badira). PSOEk idazkari nagusi kargutik kenduko lukeela ere zabaldu da baina atzo Antonio Hernando PSOEko erkidegoetako politika buruak hori gezurtatu nahi izan zuen.

Aurreko ostiralaz geroztik, deklaratu dute Parlamentuan Goikoetxea auzian nahastuta izan direnak, tartean, Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiak, Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak eta Yolanda Barcina presidenteak. Barcina gaur esan du ez dela ustelkeriarik izan eta leporatu dakiokeen gauza bakarra defizitaren muga bete nahi izatea dela. Rubalcabari zuzendu eta hori bera esan dio, motibo politikoengatik bota nahi dutela gaineratuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.