Yolanda Barcinak gaur 18:00etan Parlamentuko Foru Erregimeneko batzordean Jesus Pejenaute Gizarte Politikako kontseilari ohiaren dimisizioaz azalpenak eman ditu. Hiru minutuko azalpen laburra. Aurreko astean irrati batean egindako elkarrizketa batean esandakoa berretsi du. Ekainean Pejenaute izendatu zuenean "espreski" bere espedienteari buruz galdetu zion Nafarroako Kutxari eta bere aurkako zigorrik ez zegoela egiaztatu ostean, baimendu zuen bere izendapena.
Bere irudiko, Pejenautek ez du deliturik egin. Pejenautek auzitegietan bere burua defenditzeko erabaki zuen urriaren 21ean dimititzea eta Barcinaren arabera, bere erabaki "pertsonala" errespetatu beste erremediorik ez zuen. Bere irudiko, "ezker abertzalearen inguruko talde" batek "politikoki" ustiatu nahi izan du auzia eta "gezurrezko salaketak" egin ditu gobernua higatzeko asmoz. Bilduri joko horretan parte hartzea aurpegiratu dio.
Bilduko Maiorga Ramirezek honako galderak egin dizkio: “Atal horren berri bazenekien, eta eskatu dizugu argitzeko zein izan zen zure ekarpena ikerketan. Zer kopuru trukatu zuen Pejenautek guztira? Zu garai hartanNafarroako Kutxako kontrol batzordeko presidente gisa, bazenekien diruaren jatorria? Prest zaude dokumentazio guztia emateko?Esan duzu Espainiako Bankuak dena legezkotzat jo zuela. Non dago txosten hori? Zuk sinatu zenuen bera ez zigortzeko espedientea?". Ramirezen arabera, Pejenaute Nafarroako Kutxan aurre-erretiroa kobratu ostean, inguruko enpresa batean kokatu zuten eta ondoren, 2009an, Barcinak aholkulari gisa izendatu zuen; aldiz, Pejenauteren 500 euroko billeteen trukatzea ikertu zuten langile batzuk (kapital zuritzea saihesteko protokoloa jarraitu zuten langileak) kargutik kenduak edo mugituak izan zirela aipatu du. Horren berri ba ote zekien galdetu du.
Galdera horietako bakarra ez du erantzun Yolanda Barcinak. Bakarrik esan du Pejenauteren 180.000 euroen inguruko auzia Nafarroako Kontrol Batzordetik (bera zen batzordeko presidente) ez zela pasatu, baina bai hitz egin zela. Horregatik, bere esanetan, iragan eskainean eskatu zuen argitzeko zertan zen bere espedientea.