nafarroa

Barcinak ez ditu hauteskundeak aurreratuko

Nafarroako lehendakariak bi ordu eta erdiko hitzaldia egin du herrialdearen egoerari buruzko eztabaidan, berritasun gutxikoa.

joxerra senar
2012ko urriaren 18a
17:31
Entzun

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak berriro esan du: ez ditu parlamenturako hauteskundeak aurerratuko. Bi ordu eta erdiko hitzaldia egin du Nafarroaren egoerari buruzko eztabaidan, berritasun gutxikoa. ”Nafarroan UPNk gidatutako gobernu bat edo abertzaleak gidatutako beste bat soilik egon daitezke”, esan du.

ETAk jarduera armatua betiko bukatu duela jakinarazi zuela urtebete igaro den arren, Barcinak adierazi du ”ETAren proiektu totalitarioa indarrean" dagoela. Bilduri udaletan eta erakundeetan ”terrorearen eta isiltasunaren legea” inposatzea leporatu dio.

Nafarroa "Espainiako nazioaren barruan" ikusten du hark, eta akordiorako eremu bakarra herrialdeko parlamentua dela uste du. Hala, 2006an Azpeitiko Loiolan Batasuna, EAJ eta PSEk izandako negoziazioak gaitzetsi ditu.

Krisi ekonomikoa dela-eta "gastua diru sarreratara egokitu” behar dela esan du Barcinak, eta zorroztasun fiskalaren bidetik jo du. 

Bildu, Aralar, NaBai eta hautagaitza independenteetako hainbat zinegotzi eta alkatek atzo Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko eskatu zuten. Izan ere, haien arabera, "UPNren gobernuak amildegiaren ertzera eraman du Nafarroa".

Iazko maiatzean izan ziren Nafarroako aurreko bozak. UPNk 19 legebiltzarkide lortu zituen, PSNk 9, NBaik 8, Bilduk 7, PPk 4 eta Ezkerrak 3. UPN dago gobernuan, gutxiengoan, PSNk babesa kendu ondotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.