Atzo, UPDren ekimenez eta PPren aldeko botoekin Madrilgo Asanbleak EAEko kontzertu ekonomikoa eta Nafarroako itun ekonomikoa kentzeko eskatu zuten. Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak iragarri du Madrilgo erkidegoko gobernuari deitu diola. "Ez da lehen aldia Madrilera deintzen dudana hemengo eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko"
Asteartean bilduko da Barcina Cristobal Montoro Espainiako Ekonomia ministroarekin. "Gure foru erregimena erabakitasunez defendituko dut legez dagokionaren aurrean, Espainiako Gobernuaren aurrean.
Bere aldetik, Ana Beltran PPko diputatuak Madrilgo Asanbleak foru sistemaren aurka egindako erasoa salatu du. Beltranek arrazoitu du Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak foru erregimena babesten duela, eta "UPDri eta Madrilgo PPri oportunismoz" jokatzea leporatu die. "Arma politiko bezala erabili dute".
UPNko Carlos Garcia Adanero foru erregimeneko batzordean adierazi du "jauzi kualitatiboa" eman dela oraingoan, "jada ez direlako iritzi pertsonalak". Adierazgarritzat jo du bozketan PPk foru sistema kentzearen alde egitea. Bere esanetaz, ez da nahikoa esatea Rajoyk itun ekonomikoa errespetatzen duela. "UPNko udal talde batek EAErekin bat egitearen alde egingo balu, zuk Beltran andereak, ziurrenik gure alderdiko presidentea horren aurka dagoela esatea baino zerbait gehiago esperoko zenuke. Guk ere gehiago espero dugu".
Zerga erreformaren proposamena
Iazko irailean Barcinak iragarri zuen zerga erreforma osoa proposatuko zuela. Alta, iragan urte politikoaren amaiera arte itxaron behar izan zen gida lerroak ezagutu arte, eta berriki gobernu kontseiluak zerga erreformaren nondik norakoak aurkeztu ditu. Horren berri emateko izan da Barcina gaur Parlamentuan. Ukatu egin du hauteskundeei begirako proposamena dela. "2011ko Errentaren zergaren mailara itzuli gara. Nahi dugu Nafarroako errenta ertainak eta apalak ez egotea egoera okerragoan, estatukoekin edo EAEkoekin alderatuta".
Oposizioak, hain justu, kontrakoa leporatu dio. Gobernuaren erreformak Errenta Zerga, Ondare Zerga, Sozietate zerga eta Ondare Transmisioen Zergari eragiten dio. PSNko Juan Jose Lizarberen esanetan, proposamen hori aurrera ateratzen bada 71 milioi euroko kostua izango du baina ondoren ez da ekonomia sustatzeko neurririk proposatzen. Bere esaneta, neurriak 2016ean eragingo badira ere hauteskunde kanpainari begira eragitea bilatzen dute.
Bildu-ren esanetan UPNk konplexurik gabe esan behar luke PPren zerga erreforma dela. Maiorga Ramirezen esanetan, UPNk orain aurkeztu ditu lau zergen aldaketak Cristobal Montororen zerga erreforma ezagutu arte itxaron duelako. "Behin PPk aurkeztuta, Nafarroara ekarri duzue, baina ez izan beldurrik hori esateko, jendea ez baita tuntuna".
Aralar-NaBaiko Juan Carlos Longasen esanetan, "unerik desegokienean" proposatu du UPNk zergak jaistea. "Arduragabeziaren mugan dago, eta a zer kasualitatea hausteskundeen atarian aurkeztea. Oinarri horiekin, azkenean susperraldirik ez badator ea nola konpontzen duzuen egoera".
PPko Ana Beltranen esanetan, "herritarrei egindako sakrifizioa itzultzeko unea da". Ezkerrako Ana Simonen aburuz, berriz, UPNren gobernua nafarren arteko zerga tarteak zabaltzen ari da: "Proposamena atzerakoia eta bidegabea da".