Barcinak PSOEren emaitzen menpe jarri du gobernu itunaren geroa

PSNk erantzun dio ez dadila sozialisten emaitzez kezkatu eta ardura dadila gobernu ituna betetzeaz

Erredakzioa
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
UPNk eta PSNk Nafarroan egindako gobernu ituna «hasi baino ez da egin» aitortu du Yolanda Barcina lehendakariak. Hastapen horrek, ordea, ibilbide gorabeheratsua izan du. UPNk PPrekin Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara elkarrekin joateko hitzartutako akordioak PSNren haserrea eragin bazuen, Roberto Jimenez lehendakariordeak Nafarroako ekonomia ZIUn zegoela adieraziz esan zituenak UPNrena eragin zuen. Atzo, berriz, Barcinak harri bat gehiago jarri zuen gobernu itun horren ibilbidean, eta haren etorkizuna PSOEk Nafarroan zein estatuan azaroaren 20ko hauteskundeetan lortzen dituen emaitzen arabera kokatu zuen: «PSOEk emaitza txarrak lortuko balitu, eragina izango luke Nafarroako gobernu itunean», esan zuen, atzo, Madrilen.

«Kezkatuta» dagoela ere esan zuen, inkestek sozialistei aurreikusitako balizko emaitza txarrengatik, eta, Barcinaren iritziz, horrek eragin handiagoa izango luke Nafarroako Gobernuaren etorkizunean, UPNren emaitzek eta Gorteetarako egindako aliantzek baino. PSNrekin duten ituna abertzaleei Nafarroako Gobernuaren ateak ixteko dela ere esan zuen lehendakari nafarrak, eta, era berean, gaineratu zuen Nafarroan «abertzaleak dauden artean» UPN «beharrezko eta ezinbesteko» izango dela.

PSN berriro haserre

Nafarroako lehendakariaren hitzek mindu egin ditu sozialista nafarrak, baita haserretu ere. PSNko Antolakuntza idazkari Santos Cerdanek Barcinari erantzun zion ez dadila kezkatu sozialistek lor dezaketen emaitzez eta ardura dadila gobernu ituna betetzeaz.

«PSNk ez du inoren aurkako itunik egiten, programen eta edukien inguruan baizik», azaldu zuen Cerdanek. Buruzagi sozialistak gaineratu zuen «ohituta» daudela «Barcinak eskaintzen dituen titulu deigarrietara, Madrilera gero eta sarriago egiten dituen bidaietan». Nafarroako egoera konpontzen baino PP eta Mariano Raxoi «gustura» gera daitezen gehiago ahalegintzen dela ere leporatu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.