Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat onartu dute, Yolanda Barcina gobernuko presidenteari dimisioa eman dezala eskatzeko. Bilduk eta Aralar-NaBaik aurkeztu dute eskaera, eta PSN eta Ezkerraren babesa jaso du. Kontra bozkatu dute UPNk eta PPNk.
"Parlamentuak gaitzetsi egiten du Nafarroako Gobernuak eta haren presidente Yolanda Barcinak Nafarroako Kutxaren kudeaketan izaniko jarduna, eta beharrezkotzat jotzen du haren dimisioa", diote onartutako adierazpenean.
Efe albiste agentziaren arabera, ordea, oposizioak ez du lortu zentsura mozio bat aurkezteko akordiorik, horrek presidentetzarako hautagai bat adostea eskatuko lukeelako. Hala ere, bozeramaileen batzordeko dimisio eskaera "zentsura mozio inplizitua" dela esan dute.
Barcina, "eustorma" bandera hartuta
Erabaki horren berri jakin aurretik, Cope irratian elkarrizketatu dute Barcina. UPNren kongresua buruan, Nafarroako presidenteak esan du garrantzitsuena une honetan gobernuaren egonkortasuna dela, "hori delako abertzaleen aurrean eustorma benetakoa". Horretan ahaleginduko dela gaineratu du, eta alderdiak gauza bera egitea espero duela esan du. "UPN, gobernua eta abertzaleen aurreko eustorma indartzen jarraitu behar dugu".
Galdetu diote Catalanek irabaziz gero ea presidentetza utziko duen, baina iradoki du kongresuaren emaitza jakin arte ez duela erabakirik hartuko, ezer ukatu ez duen arren: "Gauza asko esan dira. Martxoaren 18an ikusiko ditugu emaitzak eta zer gertatzen den", adierazi du.
"Normalena guztiok elkarrekin lan egitea da, emaitza bat izan edo bestea izan", adierazi du Barcinak. Haren hitzetan, bi hautagaitzen artean ez dago ideologia desberdintasunik, baina kongresua oso garrantzitsua dela gaineratu du. Hala ere, nabarmendu du CANeko batzordeetan bera eta Catalan zeudela.