Oposizioko alderdiak kritiko agertu dira gaur Barcinak goizean egin duen agerraldiarekin. Astelehenenarekin amaitzen da Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak aurreratzeko epea, baina presidenteak gaur argi utzi du datozen hamalau hilabeteetan ere gutxiengoan gobernatzen jarraituko duela.
Parlamentuko Bozeramaileen batzordearen bileraren ostean mintzatu dira oposizioko kideak. Juan Jose Lizarbe PSNkoak esan du "akats" bat egin duela Barcinak. Maiorga Ramirez Bilduren bozeramaileak adierazi du presidenteak Gobernuari duintasuna itzuli beharko liokeela "hitza herritarrei bueltatuta". Hauteskunderik izango ez denez, ordea, Patxi Zabaleta Aralar-NaBaikoak iradoki du oposizioak "neurri progresista, solidario eta transbertsalak" atera beharko dituela aurrera. Gauza bera eskatu du Jose Miguel Nuin Ezkerrakoak, "gizartearen pobretzea" ekiditeko. Manu Aierdi Geroa Baikoak ohartarazi du Barcinaren erabakiak desegonkortasuna sortuko duela, gaur goizean esan duenaren kontra.
Carlos Garcia Adanero eta Enrique Martin, hurrenez hurren, UPN eta PPko bozeramaileek, berriz, hauteskundeak aurreratzeak ez zukeela ezer konponduko esan dute, Parlamentuko "indarren oreka ez litzatekeelako aldatuko".
Hitzak hitz, gutxiengoan egin beharko dio aurre Barcinaren Gobernuak agintaldiaren azken hamalau hilabeteetan. Erronka handiak ditu. Aro "zaila" izango dela iragarri du Barcinak goizean. Akordiorik gabe hirugarren aldiz aurrekontuak luzatzera behartuta egongo da Gobernua. Barcinaren agintaldia datorren urteko maiatzean amaituko da.
Barcinak gaur zuen azken eguna hauteskundeak aurreratzeko, baina eguerdian egin duen agerraldian esan du ez dituela aurreratuko "konfiantzaren, segurtasunaren eta egonkortasunaren mesedetan". Gobernuaren asteko bilera asteazkenetik astelehenera aurreratu du presidenteak, eta egun seinalatu honetan hurrengo hilabeteetako erronkak azaldu ditu.
Herritarrek bere erabakia ulertzen ote duten galdetuta esan du bere ustez baietz, ulertzen ez dutena beste batzuen erabakia dela. "Gu gara erabakiak Nafarroan hartzen dituen alderdi bakarra", esan du, eta iradoki du beste alderdi batzuetako erabakiak Gasteizen eta Bilbon hartzen direla. "Besteek ez dute jakin gobernu akordio bat aurrera ateratzeko ados jartzen". "Ez da atzera begiratu behar. Guztiok aurrera begiratu behar dugu. Eraiki, eta ez suntsitu".
Barcinak esan du Nafarroan ez dela gehiengo handirik ateratzen hauteskundeetatik, eta ondorioz, bozak aurreratzeak desegonkortasuna ekarriko lukeela uste du. Itun Ekonomikoaren negoziazioa eta zerga erreforma izango dira erronketako bi. Barcinak bere agerraldian ekonomia gaiei heldu die, hainbat proiektu eta negoziazio daudela martxan, eta horiek burutu behar dituztela: itun ekonomikoa eta AHTa aipatu ditu "lehentasun" gisa, eta esan du krisitik ateratzen ari dela Nafarroa, eta lanpostuak sortu behar direla.
"Egoera ekonomiko zail honetatik ateratzen ari gara, ez soilik Nafarroan eta Espainian, baita Europan ere". Elkarrizketa soziala ere hizpide izan du eta enpleguaren mahaian bi azpitalde sortuko dituztela adierazi du, enpleguaren aldeko erabakiak hartzeko. AHTa bultzatzearen alde egin du presidenteak eta iragarri du 'euskal Y-arekin lotzeko falta den zatia esleitu behar dela. "Lanean segiko dugu, Nafarroa izan dadin krisitik ateratzen den lehen erkidegoetako bat. Guri hitzak baino ekintzak gustatzen zaizkigu".