Betidanik PPtik hurbil egonik, Barcina Alderdi Popularrarekin aliantza egitearen aldekoa da argi eta garbi. 2011ko azaroko hauteskunde itunak eta gerora bide horretan sakontzeko urratsek pitzadura eragin zuten iazko ekainean erregimenean. PSNk gobernua utzi zuen, eta haustura horren uhinak UPNra itzuli dira hilabete batzuk geroago.
Catalanek jauzi egitea erabaki du, eta inondik ere ondo hausnartutako erabakia izan da. Nafarroako Kutxaren auziaren gaineko arreta desbideratzeko saio batek ez du azaltzen fokuak alderdi barruko tirabiretara zuzentzea. Izan ere, Nafarroako Gobernuari politikoki orain CAN auzia baino mehatxugarriagoa zaio alderdi barruko militanteek Barcinaren lidergoa bera auzitan jartzea.
Bere azalpenean, Catalanek gogorarazi du alderdi barruan behetik gorako mugimendu baten hautagai dela. Hots, abendu hasieran alderdiko militante batzuek ekin zioten Barcinaren lidergoa auzitan jartzeko saioari eta Catalani presio egin zioten hautagaitzarako aurkeztu zedila. Hori hala izanik ere, ezin da ukatu beste mota bateko irakurketak egon daitezkeela.
Alde batetik, ustelkeria sistemiko baten eskandaluak kolokan du Barcinaren bazkide estrategikoa, PP. Alderdi horren itzala Nafarroan oraindik txikia da, gainera. Bestetik, erregimena iraunarazi nahi bada, Il Gattopardo liburuko aipu sonatu hori gogorarazi beharko da berriro: zerbait aldatu behar da denak berdin jarraitu dezan. Edo Nafarroako errealitatera eramanda: Barcina amortizatutzat jo behar da, PSNrengana hurreratu eta erregimena sostengatzeko.
Catalanek profila betetzen du. Alderdiko establishment-eko pertsona esanguratsua da, eta garbi dago: inork ezin diezaioke leporatu Nafarroako Kutxako administrazio kontseiluan eseri eta dirurik kobratu zuela. Bere alderdiko jende esanguratsua, Miguel Sanz barne, bertan egon bazen ere, hari pertsonalki ezin zaizkio hain modu argian kontuak eskatu. Bere mugimenduak arrisku ugari ditu, dena den. Ahulezia islatu dezake, PSNren menpe utz dezakeelako UPN. Aitzitik hori, azkenik, hauteskundeek erabakiko lukete eta iaioak dira UPNn horrelako egoerak kudeatzen.
Beste gauza bat da Barcinak bere botereari erraz amore emango diola. Duela bi aste UPN barruko boterea elkar banatzeko akordioa hitzartu zuten, baina esanguratsua izan da adostasun batek nola bizkortu duen ezadostasuna. Eta horretan, zeresan handia izan du Barcinak. Filtrazioen, probokazioen eta adierazpenen bitartez, Catalan urrats hori ematera bultzatu du. Catalanengan konfiantzarik ez duela dioen pertsona harritu al liteke orain akordioa hautsi delako? Bere sektoreak zioen irainka: Catalanek iskin egiten daki baina ez du kolpatzen. Hor du erantzuna.
Aitzitik, Catalanen hordagoa berez Barcinaren hordagoa ere bada. UPN ez da EAJ. Hots, gobernuburua eta alderdiburua pertsona bera izatea defenditu du UPNk betidanik eta presidente denetik Barcinak sutsu defenditzen du eskema hori. Catalanen balizko garaipen batek (edo Barcinak oso alde txikiarekin irabaziz gero) gobernu krisia eragingo luke. Izan ere, oposizioak ez ezik jada alderdiko gehiengo batek jarriko luke zalantzan Barcinaren autoritatea. Aktibo eskasa gutxiengoan den gobernu batentzat. Baina hain justu ere hori da irabazteko Barcinak duen kartarik onena. Catalan presidente izendatzeagatik, Gobernuari ezegonkortasuna eragitea onartuko al dute UPNko militanteek? Erantzuna, martxoaren 17ko kongresuan.