Sustrai Erakuntza Fundazioak ez du Bardean haize parkerik eraikitzea nahi. Proiektu horri buruzko udalez gaindiko sektore planari alegazioak aurkeztu dizkio, eta egitasmoa bertan behera uzteko eskatu du. Denera, bost haize parke egin nahi dituzte Valtierra inguruan, Bardeako naturgunetik gertu. Parkeek 2.000 hektareako eremua hartuko lukete. 120 metroko 55 haize errota jartzea da asmoa.
Haize errota horiek ingurumenean izanen luketen eragina nabarmendu du Sustrai Erakuntza Fundazioak bere alegazioetan. Batetik, faunari eginen lioketelako kalte; eta, bertzetik, haize parke horiek sortu elektrizitatea garraiatzeko goi tentsioko linea egitea delako asmoa.
Nafarroako III. Energia Planari berari ere egin dio so Sustrai Erakuntzak, haize parkeen aurka egiteko. 2020 bitarteko plan horrek aipatzen du Nafarroak kontsumitzen duen baino argindar gehiago ekoizten duela. «Ondorioz, alegazioetan nabarmendu dugu Bardeako haize parkeen proiektuak espekulazioa duela helburu; ez dago ekoizpena handitzeko batere arrazoirik», nabarmendu du fundazioak.
Hori guztia kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuari galdegin dio proiektuari buruzko udalez gaindiko sektore plana bertan behera uztea.
Bardeako haize parkeak ez egiteko eskatu du Sustrai Erakuntzak
Proiektuari buruzko udalez gaindiko sektore planaren aurkako alegazioak aurkeztu ditu Nafarroako fundazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu