Barkamena eremu politikotik atera eta eremu etikora eraman behar da, Jose Luis Alvarez Santacristina euskal presoaren eta ETAko zuzendaritzako kide izandakoaren iritzian, eta «biktimen minetik» eskatu behar da. Langraizko bidea deritzonaren barnean dago —Euskal Preso Politikoen Kolektibotik kanpo—, eta, atzo, barkamena eskatu zuen EHUren udako ikastaroetan, eskutitzez. Barkamen eskaerak «librea eta zintzoa» izan behar duela adierazi zuen, Sabino Aiestaran Etxeberria psikologia katedradun emeritoak irakurri zuen eskutitzaren bidez. Izan ere, ez diote eman baimenik espetxetik atera eta hitzaldi hori emateko.
Urteetan ETAko kide izanda eragindako minaz «sakonki eta zintzoki damututa» dagoela adierazi du Santacristinak, eta sorrarazi duen mina partekatzen saiatzen dela, «gizatasunez posible den heinean». «ETAko kide izan nintzenean modu batera edo bestera indarkeria hori betikotzen lagundu nuelako, barkamena eskatzen dut bihotzez, publikoki».
Barkamenaren inguruan zazpi irizpide zehaztu ditu. Batetik, barkamena eskatzea «apaltasun» ekintza dela dio, eta «ausardiazkoa». Apaltasuna, aitzakiarik gabe gaizki egindakoa onartzea delako, eta ausardiazkoa, egindako minari aurrez aurre begiratzeko gai delako. Bigarrenik, «askatasun ariketa» dela uste du, ezin dela behartuta eskatu. Baldintza gisa jarriko balitz «desnaturalizatu» egingo litzatekeela. Hirugarrenik, nabarmendu du barkamen eskaera ez dela exijentzia bat, ez zaiola biktimari barkatzeko exijitzen. Laugarrenik, eskatzen duenak ez duela zertan barkatzerik espero, eta, bosgarrenik, biktima eta haren familiakoak ez dituela behartzen barkatzera. Seigarrenik, barkamena eskatzea biktimarentzako aukera bat dela dio, «jasandako atzera bueltarik gabeko minaren memoria egonkortzeko». Eta, zazpigarrenik, «dolua lantzen aurrera egiteko aukera» gisa ikusten du.
Bere burua kristautzat duen arren, esan du barkamena ez dela erlijioarekin lotu behar.
Indarkeriaren biktimak
«Barkamen eskaerak librea eta zintzoa behar du»
Jose Luis Alvarez Santacristinak barkamena eskatu du EHUren udako ikastaro batean, eskutitzez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu