POLIZIA OPERAZIOA

Barkos: "Atxiloketak ez ziren beharrezkoak"

Jaurlaritzari "harrigarria" iruditu zaio Altsasuko istiluak "terrorismo" gisa ikertzea. Ahal Dugu-ren iritziz, "larria" da gertakariak "terrorismotzat" jotzea. Espetxeratuak askatzeko eskatu du EH Bilduk. Koalizio subiranista gobernutik kanporatzeko eskatu diote Barkosi UPNk eta PPNk, baina entzungor egin die gobernuko lehendakariak.

Ana Ollo eta Uxue Barkos, Nafarroako Parlamentuan. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko azaroaren 15a
07:29
Entzun

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak gaiaz hitz egin du Nafarroako Parlamentuan, PPNk eta UPNk hala eskatuta. Gogoan izan du gertakarien biharamunean bertan egin zuela gobernuak jazotakoaren balorazioa, eta orduan plazaratutako adierazpena oroitarazi du. Mamian sartuta, esan du gertatutakoa ezin dela "taberna giroko eztabaida batera txikiagotu", baina ezta "terrorismo ekintza gisa dramatizatu ere". Atxiloketen inguruan, Barkosek esan du ez zirela "beharrezkoak", eta horren ordez deklaratzera dei zitzaketela.

Urriaren 15ean Altsasun izan ziren istiluen harira Espainiako Auzitegi Nazionalak sei lagun espetxeratu eta biharamunera, Eusko Jaurlaritzak "harrigarritzat" jo du gertakaria "terrorismo" gisa ikertzea. Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gogorarazi du Espainiako Barne ministro ohi Jorge Fernandez Diazek "gorroto" kasu batekin nahastu zuela, ez "terrorismoarekin".

Erkorekak zehaztu du gertatutakoaren "muinari" buruzko informaziorik ez duela eta, beraz, ezin duela ondorioztatu urriaren 15eko gertakariek Auzitegi Nazionalaren erabakia "justifikatzen" dutenik. Edonola, esan du "zantzu guztien arabera, gertakariak larriak" izan zirela eta "ona" litzatekeela horiek ikertzea, argitzeko "delitu terrorista" izan den edo ez.

Laura Perez Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak, berriz, "larritzat" jo du gertatutakoa terrorismotzat jotzea. "Iraganeko garaietara itzultzearen sentipena" duela azaldu du, eta uste du "arriskutsua" dela nola ari diren gertatutakoa "handitzen, herri oso bat kriminalizatuz".

Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak ere atxiloketak eta espetxeratzeak kritikatu ditu, eta kartzelatutakoak "berehala" aske uzteko eskatu du: "Zentzugabekeria politiko izugarria da kasu hau".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.