Ika-mika UPNren eta Nafarroako Gobernuaren artean. Jose Javier Esparza UPNko presidenteak Nafarroako Gobernuaren “desgobernua” kritikatu du, eta Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak UPNri arrapostu egin dio foruzaingoaren aferarekin alderdiaren interesak lehenetsi nahi dituztela eta gobernua higatu nahi dutela.
Irailaren 2an, ezustean, Foruzaingoko 33 buruzagitik 30ek dimisioa emateko eskaera aurkeztu zuten, aurreko legealdi amaieran onartutako Polizien Legea indarrean sartzear delako eta batik bat goi kargudunei soldatak jaitsiko dizkietelako. UPNk, aukera baliatu, eta Maria Jose Beaumonten dimisioa eskatu zuen berehala, eta parlamentuan Barkosen agerraldia aurkeztu zuen dimisio eskaeraren arrazoiak azaltzeko asmoz.
Gaur eguerdian, bi protagonistak izan dira foru erregimeneko batzordean. Legea urtarrilean indarrean sartzekoa bazen ere, dekretua ezartzeko epea urriaren 1era arte atzeratu zuen parlamentuak. Hilabeteotan, “20 urtean lehen aldiz”, Foruzaingoaren nola udaltzainen postu azterketa zabala egin du gobernuak, eta dekretua prestatzeko makina bat bilera egin dituzte Foruzaingoko goi kargudun, sindikatu eta taldeekin, baita gainerako polizietako arduradun eta udal ordezkariekin ere.
Horregatik, Barkosen irudiko, “ez da onargarria” dekretuari alegazioak aurkezteko epea amaitu baino 27 ordu lehenago eta dekretua indarrean sartu baino hilabete lehenago dimisioa eskatzea.
Irailaren 2aren kontakizun kronologikoa egin du. Goiza normal zihoan, harik eta 12:27an gobernuko erregistroan dimisio eskaera sartu zen arte. Handik ordu erdira, “gobernuari eskaeraren berri izateko denborik eman gabe, komunikabide guztietako lerroburuetan zegoen", Barkosen arabera. Gobernuak, 15:00etan, komunikabideak prentsaurrekora deitu zituen, eta, handik 20 minutura, UPNk prentsaurrekoan Foruzaingoa “hankaz gora uztea” kritikatu zion Beaumonti.
Gaur, Barkosek Esparzaren jarrera txarretsi du: “Zuek ez zenuten itxaron ezta Beaumont entzun arte. Ordu erdira, haren dimisioa eskatzen ari zineten. Holako kasuetan eta beste batzuetan hala egin izan dugunez, telefonoz dei zeniezadakeen, eta nire iritzia une hartan izango zenuen, baina ez zenuen hala egin”. Egun hura UPN urte politikoari hasiera emateko ekitaldiarekin amaitu zela azpimarratu du Barkosek: “Zure diskurtsoaren ardatza Foruzaingoko buruen dimisio eskaera izan zen, eta hori ez da iritzi bat, errealitate bat baizik”. Barkosek, amaieran, esan du egoerak ez duela zertan Foruzaingoaren zerbitzuan eragin, eta gaineratu du aztertzen ari direla ea dimisio eskaerak zigorrik badakarren egin dutenentzat.
Esparzaren kritika
Jose Javier Esparzak bere ardura zuritu nahi izatea aurpegiratu dio Barkosi, eta dimisioa eskatu duten foruzainburuei errua botatzea. “Ez duzu autokritika zipitzik egin. Ez duzue inoiz erratzen, eta beti beste bati botatzen diozue errua”. Hala ere, gogor gaitzetsi du “gobernuaren desgobernua”, eta, haren hitzetan, egoeraren ardura aurreko legealdian “UPN zigortzeko” onartu zen legeak du. Legea indargabetu eta guztien artean beste lege bat egiteko “beste sei hilabete” proposatu dizkio gobernuari.