POLITIKA

Barkosek ziurtatu du ETAren biktima guztiak hartu dituela aintzat, UPNk egin ez bezala

Nafarroako presidenteak nabarmendu du hainbat neurri hartu dituela biktimen memoriaren eta eskubideen alde. Horien artean, "terrorismoaren biktimen arretarako programa". Aldiz, UPNri aurpegiratu dio zenbait biktima inolako laguntzarik gabe uztea.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea, Nafarroako Parlamentuko saio batean. Artxiboko irudia. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko otsailaren 8a
07:43
Entzun

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak eta Javier Esparza UPNko buruak eztabaida sutsua izan dute gaur, Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran, ETAren biktimak direla eta.

Esparzak biktimen duintasuna iraintzea leporatu dio Barkosi. Gobernuak EH Bildurekin legealdirako ituna egin izana salatu du; haren esanetan, koalizioak ETA justifikatzen duelako. "EH Bilduk ETA justifikatzen jarraitzen du, ez du barkamenik eskatu, ez du lagundu nahi argitu gabe dauden hilketak argitzen", adierazi du.

Horrez gain, ETAko kideak omentzea egotzi dio Barkosi, indarkeria polizialaren biktimen omenezko ekitaldietan parte hartzeagatik.

Barkosek ez ditu Esparzaren argudioak onartu. Biktimen duintasunarekiko irainik handiena Esparzaren "gezurrak" direla erantzun du.

Presidenteak ziurtatu du berak gidatzen duen gobernuak ETAren biktimen aldeko hainbat neurri abiarazi dituela, eta neurri horiek ontzat eman dituela AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak. Gobernuaren politikak memoria eta biktimen egia, justizia eta ordainerako eskubidea ditu helburu, Barkosen esanetan. Ildo horretan, "terrorismoaren biktimen arretarako programa" eta jardunaldiak antolatu dituztela nabarmendu du. Barkosek Esparzari erantzun dio UPNk ez duela halako neurririk hartu 20 urtetan. UPNri biktima batzuk "bazterrean utzi" izana aurpegiratu dio.

Barkosek gaineratu du Nafarroako Gobernua laguntzen ari zaiela estatuaren partetik dagokien ordain ekonomikoa jaso ez duten biktimei, "UPNk ez baitzien lagundu".

AVT elkarteak joan den astelehenean jardunaldiak antolatu zituen, lehenengoz, Nafarroako Goberuaren laguntzarekin, eta UPNk uko egin zion joateari. Barkosek Esparzari ohartarazi dio jarrera horrekin bere burua bazterrean uzten ari dela UPN.

"Inoiz ez diot ETAren biktimei entzuteari utzi, eta inoiz ez naiz erdibidean egon biktimen eta borreroen artean", adierazi du Barkosek.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.