ETAren jardun armatuaren amaiera

Barne ministroak dio presoen egoera ETA desagertzean malgutuko dela

ETAk jardun armatua utzi ondorengo egoera aztertzeko bildu dira Espainiako Barne ministroa eta Herrizaingo sailburuaAresek adierazi du «datu guztien arabera» ETAren indarkeria erabat amaituta dagoela

Fernandez Diaz eta Ares —erdian— Espainiako Barne Ministerioko eta Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko hainbat bururekin batzartuta, atzo, Leioan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Leioa
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ez bai, ez ez. Jendaurrean, behintzat, argi ez hitz egiteko erabakia hartua zuen Jorge Fernandez Diazek, Espainiako Barne ministroak. Galdera zuzenei ez die argi erantzun. Euskal Herrira etorrita, ahalegin berezia egin du ETA desagertu egin behar dela eta hori «zuzenbide estatuarekin» lortuko dela nabarmentzen. Esan du orain arte bezala jarraitu behar dela ETAren aurka, eta, ETA desegin ez denez, etakideak atxilotzen jarraitu behar dela. Hala ere, onartu du egoera nabarmen aldatu dela urriaren 20an ETAk jardun armatua betiko amaitu zuela iragarri zuenetik. «Aro berri batean» sartuta gaudela esan du, eta «ondo hasitakoa» ondo amaituko den «esperantza» duela. Presoen egoera malgutzeari buruzko galdera etengabeei erantzun nahasiak eman dizkie: ETA ez dela desegin eta legea bete behar dela errepikatu du. «ETAko presoen aurkari nagusia ETA da; badakigu presoek ez dutela onurez baliatzeko askatasunik». Legeari helduta eta «diskrezioz» jardungo dutela adierazi du. Baina, haren hitzetan, «ez da gauza bera» ETA existitu edo ez: «Legea errespetatuz arituko gara, eta ezarpen hori desberdina da ETA egon edo ez». Argi mintzatuko dela adierazi ondoren esan ditu agerraldiko azken hitzak: «ETA desagertzen den egunean baliatu ahalko dituzte presoek legeak jasotzen dituen onurak».

Leioako Artaza jauregian esan ditu horiek guztiak Espainiako Barne ministroak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuarekin bildu ondoren. Buruz buruko bilera egin dute lehenik, eta zabalagoa ondoren; Barne Ministerioaren eta Herrizaingo Saileko «kupula osoena». Ignacio Ulloa Estatuko Segurtasunerako idazkaria, Ignacio Cosido Espainiako Poliziako zuzendaria eta Arsenio Fernandez de Mesa Guardia Zibilekoa etorri dira Barne ministroarekin. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijo ere bertan izan da. Herrizaingo sailburuarekin izan dira, besteak beste, Miguel Buen Segurtasunerako sailburuordea, Ertzaintzako zuzendari Jose Antonio Varela eta Terrorismoaren Biktimen Arretarako zuzendari Maixabel Lasa.

Bileren ondorengo agerraldian, elkarrekiko adeitasunez aritu dira Fernandez Diaz eta Ares. Iritzi desberdintasunak agerian geratu dira zenbait alorretan, baina horiek «ñabardurak» direla esan dute. Garrantzitsuena adostasunetan bat egitea dela.

«Ñabardura» horietako bat izan da, hain zuzen, espetxe politikari buruzkoa. Aresek berak ministroaren ondoan egindako agerraldian azaldu duenez, euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika «malgutzeko» eskatu dio Fernandez Diazi. «ETAren amaieran laguntzeko», euskal presoak Euskal Herrira «gerturatzen hasi» behar lukeela, eta gaixo daudenak askatzen. Bi buruzagiak ez daude ados horretan; bai, ordea, amnistiarik ez dela egongo eta presoei neurriak «kolektiboki» ez zaizkiela ezarriko.

Edozein moduz, Aresek azaldu du espetxe politikari buruz ez direla sakon aritu; Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak eta Patxi Lopez lehendakariak otsailean egingo duten bileran aztertuko dutela gaia sakonago.

Estortsioa zena diru eskea da

Barne ministroak Euskal Herrira etorri bezperan Madrilen esan zituenek zeresana eman zuten atzo. Balizko diru bilketei buruz esan zituenei buruz, astelehenean entzundako azalpenetatik oso bestelakoak eman ditu Fernandez Diazek Leioan. «Nik ez nuen estortsio hitza erabili», zuritu du bere burua. Areago, kazetarien galderei erantzunez, enpresariek ez dutela ETAren eskaerarik jaso onartu du. Aresen hitzetan, «badago jendea ETAko presoei laguntzeko dirua eskatzen ari dena», eta «arbuiatu» egin du hori.

«Taldearen inguruko jendea dirua eskatzen ibili da dendarien artean presoentzat; esan dezagun Gabonetako diru eskeak izan direla», azaldu du Fernandez Diazek. ETA desegin aurretik euskal presoen aldeko dirua eskatzea ez da zilegi ministroaren ustez, «dendariek ezin dutelako askatasunez erabaki». Diru bilketa «ETAren ingurukoek» egingo zutela honela arrazoitu du: «Galtzek ez dute gizona egiten, baina identifikatzen laguntzen dute».

Klandestinitatea

Frantziako azken atxilotuen harira ETA «berrosatzen» ari dela zabaldutako mezuaren atzean zer dagoen ere azaldu zuen atzo ministroak, erantzun zuzenak saihesten saiatu zen arren: ETA ez denez desegin, oraindik ETAko kideak badaudela azaldu zuen, eta horiek klandestinitatean bizi direla. Armak ez dituztela entregatu, gainera. Eta «mugitu» egiten direla. ETA desegin artean, Estatuak horiek atxilotzeko beharra duela adierazi zuen.

Bestalde, Euskal Herrian «terrorismoaren biktimen memoriarako zentroa» eratzeko protokoloa sinatu zuten bi buruek. Biktimak, Espainiako Gorteek iaz onartutako legeak jasotzen dituenak izango direla zehaztu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.