konponbideari begira

Barrena: "Aurki izango da ETAk desarmeaz iragarri zuen hausnarketaren berri"

Azken egunetan ugaritu egin dira hipotesi horren aipamenak, ezker abertzaleko eta osatzen dituen koalizioetako kideen aldetik.

jon ordonez garmendia
2013ko abuztuaren 9a
11:20
Entzun

Sortuko bozeramaileak, gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan ETAren desarmeaz galdetuta, gogoratu du ETAk hausnarketa bat iragarri zuela, eta adierazi du uda ondoren ondorioak jakinaraziko dituela. Gainera, ondorioak "bide horretan" etorriko direla uste du. Adierazpen horiekin, azken egunetan ezker abertzaleak eta osatzen dituen koalizioek egin dituzten adierazpenei gehitu zaie.

Barrenaren ustetan, "aurki" etorriko da ETAren gainean albisteren bat. "Azkenaldian izan den bidean jarraitzen badu, mahai gainean bake prozesua ahalbidetu eta bideratuko dituzten ekimenak izango ditugu mahai gainean", esan du. Sortuko bozeramaileak uste du urte politiko berrian ardatz izango direla ETArekin, desarmearekin eta armekin gertatuko dena, batetik, eta espetxe politika, bestetik

Arraiz: "ETAk urrats gehiago egingo ditu"

Astebete baino gehiago da ezker abertzaleko eta Bildu, EH Bildu eta Amaiurreko zenbait kide hipotesi horrekin dabiltzala. Hasier Arraiz Sortuko presidenteak astelehenean esan zuen datozen hilabeteetan ETAk "urrats gehiago" egingo dituela, eta desarmatzea gauzatzeko borondatea erakutsi duela adierazi zuen. Horregatik, PPren "geldikeria" kritikatu zuen.

"Paradoxikotzat" zuen Espainiako Gobernuaren jarrera Arraizek: "Dagoeneko borroka armatua erabiltzen ez duen erakunde batek armak utzi nahi ditu, eta haren aurka egin duen eta egiten duen gobernua ez dago prest desarmatzeko prozesu hori jorratzeko"

Urizar: "ETAk erakutsi du aurrerapausoak egiteko nahia"

Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak ere aurreko astean esan zuen ETAk bere "egitura militarrak" desegingo dituela, besteprozesuari bultzada bat emateko. "Ziur naiz urrats hori egingo duela, xedea ez baita inoiz erabiliko ez diren arma batzuk mantentzea". Horren harira, urrats hori "lehenbailehen" egiteko nahia azaldu zuen. Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak ere horren alde mintzatu zen.

Atzo Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak ere gogorarazi zuen ETAk iragarri zuela jada Foro Sozialean ekarpenak egiteko prest zegoela. "Desarmatzea nola gauzatuko den baino gehiago, garrantzitsuena da ETAk erakutsi duela aurrerapausoak egiteko nahia", nabarmendu zuen.

Bake konferentzia, urrian

Eta adierazpen guzti horien artean Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak pasa den asteburuan Hiroshiman bake konferentzia iragarri zuen urriaren 10 eta 11rako Donostian, Aiete eta Kursaal jauregietan. Egitasmoaren helburua Euskal Herriko bake prozesuari bultzada ematea da.

Aipatu adierazpen guztiak eta bake konferentzia baten atarian egoteak, 2011ko gertaerak dakartzate gogora. Orduan Aieten izan zen Nazioarteko Bake Konferentzia amaitu eta gutxira jakinarazi zuen ETAk armak uzteko erabakia hartu zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.