Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Pernando Barrena eta Patxi Urrutia Batasuneko mahaikideak ere kartzelatzeko agindua eman du, gaur. Joan den urriaren 8tik dagoeneko alderdi politiko horretako 22 zuzendaritzakide bidali ditu espetxera, baldintzarik gabe; aurretik beste bi ere espetxeratu zituzten, beste auzi batzuengatik (Arnaldo Otegi eta Joseba Alvarez). Batasunaren izenean aritu direla-eta "erakunde terroristako kide" izatea leporatu die Barrenari eta Urrutiari epaileak, eta auzian hartutako neurriak behin baino gehiagotan haustea.
Goizeko hamaikak baino zerbait lehenago eraman dute Barrena Garzonengana, deklaratzera, baina uko egin dio deklaratzeari. Jone Goirizelaia defentsa abokatuari saioan izaten utzi diote. 11:15ak aldera irten du Barrenak Garzonen bulegotik, eta ondoren Urrutia eraman dute epailearengana, eta hark ere ez du deklaratu. Urrutiak 11:30ak aldera irten du.
Garzonek 15:15 aldera eman du erabakiaren berri.
Hark erabakia hartu aurretik, fiskalak Barrena eta Urrutia behin-behinean kartzelatzeko eskatu du, “Batasunaren izenean” hitz egiteagatik berriro “delitua” egin dutelako, eta haiek “ihes egiteko arriskua” dagoelako. Goirizelaia defentsa abokatuak erantzun dio biek azkenaldian “ezker abertzalearen izenean” hitz egin dutela, “ez Batasunaren izenean”, eta Garzonek berak duela zenbait hilabete desberdindu egin zituela Batasuna eta ezker abertzalea. Bestetik, ihes egiteko arriskurik ez dagoela adierazi du Goirizelaiak, “azkeneko asteetan jendaurreko agerraldiak egin dituztelako”.
Barrenaren eta Urrutiaren senideek haiek auzitegiko ziegetan bisitatu ahal izan dituzte autoaren berri izan aurretik, eta "ondo" daudela esan diete atxilotuek.
Astelehenean atzeman zituen Espainiako Poliziak biak, Garzonen aginduz. Bi atxiloketa horiek iazko urrian Batasunaren kontra Seguran (Gipuzkoa) abiatutako operazioaren segida direla agertu du epaileak.
Urrutia atxilotu egin zuten Segurako sarekada hartan, baina osasun arazok medio baldintzapean aske utzi zuen epaileak 24.000 euroko bermea ordainduta.
Barrenaren eta Urrutiaren atxiloketaz gain, Unai Fano ezker abertzaleko talde negoziatzaileko kidearena ere agindiu zuen Garzonek. Poliziak, ordea, ez zuen Fano etxean aurkitu.
Batasunaren aurkako operazioa
Barrena eta Urrutia kartzelatzeko agindua eman du Garzonek
Batasunaren izenean aritu direla-eta "erakunde terroristako kide" izatea egotzi die Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta auzian hartutako neurriak behin baino gehiagotan haustea. Biek ez dute deklaratu nahi izan. Astelehenean atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Joan den urriaren 8tik Batasuneko 22 zuzendaritzakide bidali dituzte espetxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu