Barrenak dio bake aukerak ez direla Lopezi esker iritsi

Lopezen ustez, «gezur hutsa» da ezker abertzalearen barne eztabaidak eragin duela ETAren erabakia

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleko bozeramaile Pernando Barrenak adierazi du egungo bake aukerak ez direlaPatxi Lopezen gobernuak egindakoaren ondorio. Aitzitik, Barrenak uste du «Lopez eta haren alderdia gorabehera» lortu dela egungo egoerara heltzea. Horrela erantzun die Barrenak lehendakariak Arnaldo Otegiren adierazpenei egindako kritikei; izan ere, Lopezek esan zuen «gezur hutsa» dela ezker abertzalearen barne eztabaidak eragin duela ETAren jardun armatua uzteko erabakia, Otegik El tiempo de las luces liburuan kontatu bezala.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan PSE-EEko lehendakarigai denak esan zuen bere gobernuak ekarri duela egungo egoera: «Balio sakona du Euskadin gobernu sozialistak; harekin ireki da bake garaia». Lopezek gaineratu zuen «betidanik Euskadiko kaleetan demokrazia defendatu dutenek» irabazi dutela «bataila». Barrenak, aldiz, Lopezen alderdiari leporatu dio ezker abertzalearen barne eztabaida oztopatzen saiatu izana, «gaur egun herri honek duen egoera politiko eta soziala ezinezko bihurtzeko helburuarekin». Hain zuzen, PSOE zegoen Espainiako Gobernuan ezker abertzaleak barne eztabaida hori egin zuenean.

Gainera, ezker abertzaleko bozeramaileak adierazi du Eusko Jaurlaritzak eta PSE-EEk ere badutela Otegi espetxean egotearen ardura. «PSOEko Barne ministroak agindu zuen Otegiren atxiloketa», esan du, eta gogorarazi du PSOEren gobernuaren aginduetara zegoela fiskaltza Otegi zigortzeko eskatu zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.