Ehunka euskal herritarren bizimodu mugatuak, bereziak, salbuespenekoak, milaka euskal herritarren bizitza mugatzen, baldintzatzen du. 630 euskal presoren baino gehiagoren milaka eta milaka senide eta laguni bizitzeko, antolatzeko, sufritzeko eta sentitzeko modu bat ezartzen die: bizimodu bat. Urteen poderioz ohiko bihurtu dena askorentzat; lege aldaketa eta zigor luzapenen eraginez, amaierarik gabeko zuloa dena beste batzuentzat; presondegietako muturreko baldintzek sortutako gaitzak direla eta, haien maitatuentzat heriotza arrisku bihurtu den sufrikarioa zenbaitentzat; zigortua norbera ez izan arren, bisitetarako bidaia luzeegiek norbere heriotza ere ekar dezaketela ikasi dute bestezenbaitek.
Bizipen horiek guztiak bildu ditu Etxerat-ek dokumental batean. Euren bizimodua kontatu duten zenbait presoren senide eta lagunen testigantzak grabatu, eta ikus-entzunezkoa osatu du.
26 urte dituen gazte nafarrak, 25 urte espetxean beteko dituen izebaren «etxea» nola ezagutu zuen gogoan iltzatuta duela kontatu du. «Gogorapenak ditut, nolako soinuak ateratzen zituzten metalezko ate horiek mugitzerakoan; eta gure aurrean atea ireki, eta igarotzean nola ixten zen gure atzean, eta nola irekitzen zen beste bat berriz gure atzean ixteko. Zer-nolako soinua!». Txiki-txikitatik egokitu zaio bidaia luzeak egitea. Badajozen izan zuten hasieran izeba, Murtzian gero, Cadizen ondoren, Jaenen hurrengo, Granadan; Malagan dute, orain.
Non eta nola dagoen denboraren poderioz, nagusitzearekin bat ikasi duela kontatu du. Orain, bisitak prestatze soilak dakarren «buru lanaz» ohartzen dela; 25 urtetik 23 bakartuta igarotzea zer izango ote den irudikatzen saiatzen dela; «guztiz bakarrik» pasatu zituen lau urteak zer izango ote ziren imajinatzen.
Anaia 26 urtez kartzelan duen gipuzkoarraren alabek ere espetxean ezagutu dute osaba. Kalean ezagutu zain daude, eta bizi osoko ametsa eskuratzear zirenean eskuetatik nola ihes egin dien ikusi dute. A Laman dute preso, Pontevedran. Malagan zutenean, 2007ko abendurako jarri zioten etxeratzeko urtea. Aste batzuk lehenago esan zioten 197/2006 doktrina ezarri ziotela; ondorioz, 2016ra arte ez dutela askatuko. «Oraingoz», zehaztu du anaiak. Izan ere, bizi izan duenaren ondoren, mesfidati dago: «Badirudi kondena inoiz ez betetzera kondenaturik gaudela».
Oso larri gaixo dagoen Txus Martinen neska-lagunak, egunero-egunero bizi duen «angustia» kontatu du. Presoaren egoera nola ari den egunetik egunera okertzen, eta egoera arintzetik urruti, presoa bakartu izanak sortzen dion «inpotentzia». «Ez dakit bihar egongo den ere».
Beste herritar batek, errepideko elur eta izotzaren ondorioz Cadizetik bueltan izandako istripua kontatu du. «Ez gara ohartzen zein arriskutsua den bisitetara joatea. Arrisku handia dute bidaiek, bai».
Igandean ezagutaraziko dutelana Tolosan, Etxerat-ek egoeraren balantzea egin eta aurrera begira jartzeko egingo duen ekitaldian. Hortik aurrera, Internet bidez zabalduko du dokumentala, nahi duen orok ikus dezan.
Barruak behartutako bizimodua
Bizi oso bat diren kartzelaldiek, luze diren kondenak luzatzeak, gaixoei okertzea besterik ez eskaintzeak edo sakabanaketak dakartzatenak azalduz, dokumentala egin du Etxerat-ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu