'Barrura begiratzeko leihoak', Auzitegi Nazionalaren jomugan

Zinez ekoiztetxeak berak baieztatu du Espainiako auzitegi horrek filmaren kopia bat eskatu diola

Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak Barrura begiratzeko leihoak filma ikertzeko asmoa dauka, eta dokumentalaren kopia bat eskatu dio Zinez ekoiztetxeari, ekoiztetxe horrek atzo Twitter bidez jakinarazi zuenez.

Joan den astelehenean filmaren emanaldi pribatuak egin zituzten Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta horiek eragotzi nahi izan zituen Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok; batetik, Auzitegi Nazionalari egindako salaketaren bitartez, eta, bestetik, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari Viktoria Eugenia antzokia filmaren emanaldirako ez uzteko eskatuz. Horrelakorik lortu ez, eta herenegun Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu zion ikerketa hasteko, filmaren emanaldia «delitua» izan daitekeen ebazteko.

Prentsa ohar bidez azaldutakoaren arabera, Urkijoren ustez, litekeena da emanaldi horiek «terrorismoaren biktimen babeserako legeak urratzea». Donostiako Udala ere delitu baten egile izan daitekeela uste du Urkijok, Zinez ekoiztetxeari antzokia alokairuan uzteagatik filmaren emanaldirako.

Dokumentala boikotatzeko saioak gora behera, Barrura begiratzeko leihoak filmaren lehen emanaldiek arrakasta izan dute. Bost zuzendariren obraren atzean dagoen lana eta kalitatea azpimarratu dute ikus-entzuleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.