BAKEGINTZA

Bartzelonan biktimen eta presoen egoera aztertuko dute hilaren 13an

Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaile Agus Hernanek espero du Espainiako Gobernu berriak "pauso irmoak" emango dituela espetxe politikan, baina emaitza "ikusgarririk" gabe.

Agus Hernan eta Aitzpea Leizaola, Foro Sozialaren agerraldi batean, otsailean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2018ko ekainaren 7a
13:04
Entzun

Foro Sozialak, FundiPauk eta Bartzelonako Udalak jardunaldi bat prestatu dute datorren asteazkenerako Kataluniako hiriburuan, Bakea eraikitzen. Euskal Herrirako erronkak eta aukerak ETAren amaieraren ostean izenburupean, espetxe politikan "eboluzio" bat egon dadin sustatzeko eta "aldeko iritzi ildo bat" sortzeko.

Bertan hartuko dute parte, besteak beste, Gorka Landaburu kazetari eta ETAren biktimak, Robert Manrique Terrorismoaren Biktimen Arretarako Unitateko aholkulari eta Hipercorreko atentatuko biktimak, Rosa Lluch ETAk hildako Ernest Lluchen alabak eta Ane Muguruza ultraeskuinak hildako Josu Muguruzaren alabak. Biktimen erreparazioaz eta aitortzaz jardungo dute goizean; arratsaldean, berriz, justizia arloaz eta "salbuespenaren amaieraz" mintzatuko dira Joseba Azkarraga Sare plataformako bozeramailea, Gemma Calvet abokatua, Adriana Rivas Kataluniako Amnistia Internazionaleko koordinatzailea eta Iñigo Iruin abokatua.

Euskal Herrian zabaldutako aro berriaz hitz egingo dute gero alderdi politikoek. Mahaian izango dira Catalunya en Comu, Ciutadans, PP, ERC, PDeCAT eta CUPeko ordezkariak. Jaume Asens Bartzelonako alkateordeak itxiko du topaketa.

Egitaraua

Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaile Agus Hernanek espero du Espainiako Gobernu berriak "pauso irmoak" emango dituela euskal presoak gerturatzeari dagokionez, nahiz eta ez duen emaitza "ikusgarririk" espero. Gogorarazi du "gehiengo prekarioa" duela Sanchezek, baina haren zentsura mozioa onartu duten talde politikoak presoak Euskal Herriratzearen alde daudela.

Europa Press agentziak elkarrizketatu du Hernan. "Erabat ziur" agertu da ETAren desagerpenak eta Espainiako Gobernuaren aldaketak "aukera leiho bat" zabaldu dutela, eta iruditzen zaio orain "ezinbestekoa" dela "espetxe politikan eboluzio bat egitearen aldeko iritzi ildo bat zabaltzea Espainiako Estatuan eta, kasu honetan, Katalunian".

Hernanek gogorarazi du, ETA desagertu ostean, biktimen egoera eta preso, iheslari eta deportatuen birgizarteratzea landu beharra dagoela, kontakizunarenaz gain. Hernanen esanetan, biktimenean "asko" egin da aurrera, baina elkarbizitza eta adiskidetzea jo du "oinarrizko helburutzat". Presoen auzian, berriz, gogorarazi du Eusko Legebiltzarreko indarren %92k eta Nafarroako Parlamentuaren bi herenek babesten dutela "espetxe politika moldatzea", orain artekoa "salbuespenezkoa" izan delakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.