Urtarrilaren 27ko greba orokorrean istiluak izan ziren Gasteizen, sindikatuek deitutako manifestazioan. Dato kalean, Ertzaintzak manifestarien aurka egin zuen, eta batek baino gehiagok polizien kolpeak jaso zituen. Aralarreko Eusko Legebiltzarreko parlamentari Mikel Basabe gertakari horien lekuko eta biktima izan zen, ertzain batek behin baino gehiagotan borrarekin jo baitzuen.
Atzo Eusko Jaurlaritzaren kontrol saioa zegoen Eusko Legebiltzarrean. Basabek galdera egin zion Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresi Gasteizko manifestazioan ertzainek erakutsitako «gehiegizko indarkeriaz». Aresen erantzuna ohiko bidetik joan zen, harik eta Aralarreko legebiltzarkideari jakinarazi zion arte ertzainek bera inputatu dutela Dato kaleko gertaera horiengatik.
Salatzailea, salatua.
Plaka zenbakia, borra kolpeka
Aralarrek bat egin zuen sindikatuen grebarako deiarekin, eta Basabe manifestazioan zen Dato kaleko istiluak hasi zirenean, legebiltzarkideak atzo azaldu zuenez. Istiluetara inguratu, eta jendea lekutik urruntzen ari zenean, poliziengandik jasotako aginduari men eginez, ertzain batek urruntzen ari zen pertsona bat borraz jo zuela ikusi zuen. «Zergatik jo duzu?» galdetu zionean, beste ertzain batek Basabe jo egin zuen borraz. Orduan, legebiltzarkideak plaka zenbakia eskatu zion ertzainari, eta ertzainak beste kolpe bat jo zion. «Jarraitu nuenzenbaki profesionala eskatuz, eta jarraitu nuen kolpeak jasoz, harik eta legebiltzarkidea nintzela esan nion arte. Momentu horretan jotzeari utzi, eta esan zidan alde egiteko. Esan nion ezetz, bere zenbaki profesionala nahi nuela», azaldu zuen Basabek, eta azkenean lortu zuen nahi zuena; «susmoa dut legebiltzarkidea naizelako», esan zuen.
Unean bertan ikusitakoarekin, berari jazotakoarekin eta geroago telebista irudietan ikusitakoarekin, Aralarreko legebiltzarkideak ondorioztatu du Ertzaintzak gehiegizko indarkeria erabili zuela, eta Aresi galdegin zion jokabide horrek «agindu bati» erantzuten dion edo ertzain batzuen «jarrera desegokia» den.
«Aukera galdua»
Lehenbiziko erantzun saioan, Aresek«deitoratu» egin zuen Ertzaintzaren oldarraldian «istiluekin zerikusirik ez zuten pertsonak ere» nahasi izana, baina «testuingurua» analizatu beharra dagoela esan zuen: «Hasieratik, pertsona talde bat Ertzaintzarekin gatazka eragiten saiatu zen», esan zuen. «Tentsio eta gatazka testuinguru horretan» Ertzaintzak «profesionaltasunez» eta «proportzionaltasunez» jokatu zuela argudiatu zuen Aresek, eta gaineratu zuen Ertzaintzak ez dituela «istiluak edo gatazka egoerak eragiten; izatekotan, egoera horiei erantzuten die». Gainera, Ertzaintzaren jokabidea kritikatzeaz gain, istiluak eta horiek eragin zituztenak gaitzesteko «aukera» galdu izana leporatu zion Basaberi.
«Ares jauna, gaur eta hemen planteatu duzuna da Ertzaintza kritikaren eta barkamenaren gainetik dagoela», erantzun zion Basabek, eta mezu «arriskutsu eta okerra» ematen aritzea leporatu zion: «Ertzain batek galdezka doakion pertsona bati borra kolpeka erantzun diezaiokeela ari zara esaten, Aresjauna».
Erantzuteko bigarren txandan, «tentsio eta gatazka egoera horretan» Ertzaintzaren jokabidea «profesionala» izan zela berresteaz gain, auzitegietan ertzain horien ekinbideen gainean nahi beste salaketa egiteko aukera baduela gogorarazi zion Aresek Aralarreko legebiltzarkideari, ertzainek manifestazioan gertaturikoaren argitze-agiria auzitegira bidali dutelako. Eta erantzuteko denbora amaitzera zihoakion unean, Herrizaingo sailburuak Basaberi jakinarazi zion ertzainek bere aurkako salaketa jarria dutela.
Auzitegietan ebatziko da
Legebiltzarreko saioaren amaieran jakin zen manifestazioaren argitze-agirian «aginte agenteen aurkako desobedientzia» delituarengatik inputatu dutela ertzainek Aralarreko legebiltzarkidea. Herrizaingo sailburuak berak eman zuen horren berri.
Aralarrek, berriz, Rodolfo Aresek Legebiltzarrean emandako erantzuna «hutsala» izan dela iritzita, «salaketa politikotik salaketa judizialera» joko duela iragarri zuen, etaBasabe jo zuen ertzainaren kontrako salaketa jarriko duela auzitegian. «Orain arte ez dugu salaketarik jarri, Ares sailburuaren azalpenen zain geundelako. Horiek entzun ondoren, epaileengana jotzea beste erremediorik ez daukagu».
Basabek ertzainen jokaeraz galdetu, eta inputatua dagoela erantzun dio Aresek
Ertzaintzari mezu «oker eta arriskutsua» bidali izana leporatu dio Aralarreko ordezkariak Herrizaingo sailburuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu