Basagoiti: «Blanco hil zuen pistola garaituta, orain tiro egin zuten ideiak falta dira»

PPk Miguel Angel Blanco omendu du, Ermuan; hamabost urte bete dira ETAk zinegotzia bahitu eta hil zuenetik

Hodei Iruretagoiena
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Gaur hamabost urte hil zen Miguel Angel Blanco, bahitua izan eta bi egunera. ETAk 48 orduko epea jarri zion Aznarren gobernuari euskal presoak Eukal Herriratzeko. Epe hori igarota, atzoko egunez, Lasarte kanpoaldean agertu zen Blanco, larri zaurituta. Ermuko PPko hautetsia zen, eta alderdiko kideek omenaldia egin zioten atzo, urteurrena zela eta. Bertan izan ziren, besteak beste, Antonio Basagoiti EAEko PPko burua eta Marimar Blanco, omenduaren arreba eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordeburua.

Ekitaldiaren ostean, Basagoitik esan zuen garaitu dutela «Blanco hil zuen pistola», baina orain «tiro egin zuten ideia antidemokratikoei» irabazteafalta dela. Adierazi zuen «normaltasunaren eta demokraziaren alde» egin izanagatik hil zutela zinegotzia, eta horregatik, «ETAren munduaren helburuen aurka» eta «inposatutako eta asmatutako Euskadi horren aurka» altxatzen dela. «Askatasuna lortzeko, beharrezkoa da atentatuen kritika egitea, eta barneratzea ez dagoela autodeterminazioa bezalako ordain politikorik erail izanagatik». Bildu eta Amaiur ere aipatu ditu Basagoitik, esanez haiek defendatzen duten «zatiketaren» ideiaren atzean oraindik ere «Blanco hil zuen helburua» dagoela: «Independentziaren ideia zahar eta faltsua».

«Esperantza garaia»

Marimar Blancok, eraildako zinegotziaren arreba eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordeburuak, onartu du omenaldiak alde ona ere baduela. ETAk jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri duen honetan,«esperantza eta ilusio garaia» dela dio, nahiz eta erantsi duen oraindik «egiteko asko» dagoela. Besteak beste, egindako mina eta «terrorismoaren biktima guztiak» aitortzeko eskaera egin die «terroristei». Ezker abertzalea «berriro politikan, boterea ukitzen» ari dela gogorarazi du, «eman beharreko pauso bakar bat ere eman gabe». Alderdikideei, berriz, eskerrak eman dizkie, 15 urteren ondoren anaiaren balioen alde egiten jarraitzeagatik.

Ildo beretik hitz egin du Ermuko PPren bozeramaile Fernando Lekunberrik ere: «Beren burua Justiziaren esku utzi eta barkamena eska dezatela». Biharko 40 omenaldi inguru deitu dituela iragarri du Miguel Angel Blanco Fundazioak, Espainiako Estatuan zehar.Ermuan bertan eta Bilbon ere izango dira ekitaldak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.