Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien balorazioa

Basagoiti: «Bozetan indar handiagoa lortu nahi genuen»

Eusko Legebiltzarreko gehiengo abertzaleari «sendotasunez» erantzungo diola ohartarazi du

Basagoiti: «Bozetan indar handiagoa lortu nahi genuen».
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Kopetilun, serio eta indar handiagoa lortu ez izanaren ondorioz penatuta agertu zen, atzo, Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaia, Bilboko Carlton hotelean egindako agerraldian. «Garbi esan behar dugu, indar handiagoa lortu nahi genuen hauteskunde hauetan. Jende gehiago mobilizatu nahi genuen». Hamar eserleku lortu dituzte popularrek Eusko Legebiltzarrean, 2009ko hauteskundeekin alderatuta hiru gutxiago, eta ia 20.000 bozka galduz. Datuak ezkutatu gabe egin zion aurre, beraz, Basagoitik PPk lortutako emaitzari.

Emaitza horiek ulertzeko hiru arrazoi azpimarratu zituen lehendakarigaiak Iñaki Oiarzabal PPko idazkari nagusiaren, eta Antonio Danborenea Bizkaiko bigarren zerrendaburuaren babesean egindako agerraldian. Batetik, egungo krisi ekonomikoaren «konplexutasuna» aipatu zuen ordezkari popularrak; alderdi abertzaleen arteko lehia gogorra bestetik; eta UPD alderdiarekin batera lehiatu izana azkenik: «Gu bezala konstituzionalista den alderdi bakarra da Euskadin», bere esanetan.

Galeraren arrazoiak nabarmenduta, «euskaldun eta espainolak sentitzen diren pertsonak» ordezkatzen lan egiten jarraituko duela esan zuen Basagoitik. «Parlamentuaren egitura konplexua da, gehiengo abertzalea egongo baita datozen lau urteetan». Horregatik, euren alderdiaren eginbeharra inoiz baino erabakigarriagoa izango dela gaineratu zuen. «Gure diskurtsoa inoiz baino beharrezkoagoa da». Eta gehiengo abertzaleari «sendotasunez» erantzungo diotela ohartarazi zuen.

Lasaitasuna, eta amorrua

Basagoitik bere alderdiaren porrota onartu zuen arren, PPko jarraitzaileek iritzi kontrajarriak zeuzkaten atzo gauean. Bilboko Carlton hotelean egin zuten popularrek hauteskunde gauaren jarraipena, eta bertan zegoen militante bat, Francisco Pontes, esaterako, gustura agertu zen: «Uste baino hobeki atera gara hauteskunde hauetatik, kontuan hartuta inkestek bost eserleku galduko genituela esaten zutela.

Fernando Ruizek bere aldetik, oso beltz ikusi zituen amaierako emaitzak: «Espainia dagoen bezala, ulergaitza da horren eserleku gutxi lortzea». Abertzaleek gehiengoa izatea ez zuen begi onez ikusi, eta PSE-EEren emaitzak «onegiak» direla adierazi zuen: «Espainian eta Euskadin egin duten kudeaketa ikusita, ez zituen hamar jarleku baino gehiago merezi. Gizartea ez da jabetzen zein akats egin duen». Bilboko Carlton hotelean, beraz, arnasa lasai hartu dutenak, eta emaitzekin gustura ez zeudenak topa zitezkeen atzo gauean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.