Basagoiti: «Currinen taldea lekuz kanpo dago hemen»

Ezker abertzaleak goretsi egin du Harremanetarako Nazioarteko Taldea egiten ari den lana

Erredakzioa
Bilbo
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Harremanetarako Nazioarteko Taldea (HNT) Euskal Herrian dago, eta hainbat bilera egiten ari da eragileekin. Silvia Casale, Brian Currin, Pierre Hazan, Ray Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowskik osatzen duten taldeak, Euskal Herriko alderdi politiko guztiekin bilera bat antolatzea du helburu, bakeaz eta normalizazioaz aritzeko. Lan diskretua egiten ari dira, bileren berri askorik zabaldu gabe. Atzo, Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruarekin eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidearekin bildu ziren gutxienez, eta gaur, EAko idazkari nagusi Pello Urizarrekin biltzekoak dira, besteen artean.

Talde horrek politikariengan eragin ezberdinak eragin ditu. Alderdi abertzaleek, oro har, goretsi egin dute haren lana, baina PPk alferrikakotzat jo du. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak atzo esan zuenez, «talde hori lekuz kanpo dago hemen». Bere alderdia ez dela haiekin bilduko jakinarazi du, joan zen astean Egiaztatze Batzordearekin izan zuten jarrerari eutsita. «Currin bezalako jendea ondo dator bi alderen arteko gerra egin den tokietan, eta bitartekariak behar dituztenetan; Irlandan, esaterako. Baina Espainia bezalako tokietan lekuz kanpo dago. Hemen demokrazia dago, eta terroristak bakarrik daude», esan du.

Basagoitiren arabera, egoera honetara iristeko orduan ez dute zerikusirik izan «ez Currinek, ez Loiolak eta ez Otegik». Haren ustez, Alderdien Legea izan da gakoetako bat: «Gizartea kokoteraino egin da haietaz, eta polizia oso eraginkorra izan da».

PPk uko egin dio HNTrekin eta Egiaztatze Batzordearekin biltzeari, baina Eusko Jaurlaritzaren jarrera desberdina izan du bi taldeekin. Egiaztatze Batzordearekin bildu egin zen, baina HNTrekin ez da batuko, «gai politikoez» arduratzen delako talde hori.

Ezker abertzaleak bestelako analisia egiten du HNTren lanaren inguruan. «Gatazkari konponbide integrala emateko giltzarria» da hura egiten ari den lana, Maribi Ugarteburuk atzoko prentsaurrekoan esan zuenez. Nazioarteko komunitatearen lana «garrantzitsua» dela azpimarratu du. Hala, ohartarazi du gatazkaren konponbidea lortzeko «lerro politikoa» ezin dela baztertu, eta, alde horretatik, berretsi du Euskal Herriaren nazio onarpena eta erabakitzeko eskubidea direla askatu beharreko korapiloak. Eta, horretarako, «kultura politiko desberdinen arteko elkarrizketa barneratzaileak» behar direla.

Iñaki Gerenabarrena EAJren Araba Buru Batzarreko lehendakariak ere hitz egin zuen gaiaz atzo. Eusko Legebiltzarretik kanpoko alderdien mahai bat osatzea ondo iruditzen zaio, han ezker abertzalea falta delako, eta «legebiltzar horrek ez duelako errealitate sozio politikoa ordezkatzen». Haren arabera, hitz egitea beti dago ondo, «martxan dagoen bake prozesua finkatzera bideratuta egonda», eta elkarrizketak balio baldin badu alderdiek beren ikuspegia emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.