EAEko PPko lehendakari Antonio Basagoiti ziur dago azaroaren 20ko hauteskundeak irabazi eta Mariano Raxoi izango dela Espainiako gobernuburua. Ordutik aurrera, EAJk ez du izango orain arte Moncloan izan duen betekizuna, Basagoitik berak eragotziko duelako hori horrela izatea. «Raxoiri sekula ez diot utziko Zapaterok Patxi Lopezi egin diona niri egiten, gutxiestea eta EAJ euskal gaien ordezkari bidezko gisa hartzea. EAJk Euskadi ez du gehiago ordezkatuko Madrilen», esan zuen atzo Basagoitik Radio Euskadin.
«Madrilera bikotekide bila doazenen ohitura» gaitzetsi zuen EAEko PPko buruak, eta ohartarazi zuen egon daitezkeen balizko «bikote» guztiek «Bilbotik, Gasteiztik edota Donostiatik» igaro beharko dutela, alegia EAEko PPren egoitzetatik: «Madrilera joateari utz diezaiotela, erabakiak EAEko PPk hartuko ditu eta».
Basagoitik esan zuenez, gainera, hori beharrezkoa ez izatea ere gerta daiteke, «EAJk Bildurekin egindako jokaldiaren ondorioz, litekeena delako koalizio horrek jeltzaleak jatea, eta orainbaino eserleku gutxiago eskuratzea azaroaren 20an».
Kanpainan PPren eta PSEren artean tirabirak izatea litekeena dela onartu badu ere, Basagoitik ziurtatu zuen horrek ez duela hautsiko Eusko Jaurlaritzako ituna.
Basagoiti: «EAJk Euskadi ez du gehiago ordezkatuko Madrilen»
EAEko PPko buruaren arabera, Raxoiri ez dio utziko Zapaterok Patxi Lopezi egin diona berari egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu