Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaiak salatu du PSE-EErekin «konfiantzarik ezin» dela eduki, historikoki nazionalismoarekin izan duen harremanagatik;«Zein konfiantza eman diezaguke nazionalismora makurtuta bide luzea egin duen PSE-EE bezalako alderdi batek? Zein segurtasun eman diezaguke historikoki EAJren eskakizunetara makurtu den alderdiak?».
Horren harira, azaldu du nazionalistak «asebetetzearren» egungo lehendakaria Eskoziako erreferenduma goraipatzeko gai ere badela. Baina nabarmendu du Eskoziako eta Euskal Herriko kasuak oso ezberdinak direla; bai historia, bai legedi eta baita eskumenei dagokienean ere.
«2009. urteko hauteskundeen ostean, PPren babesik gabe Patxi Lopez makurtu egingo zitzaiokeen nazionalismoari, eta Kataluniako Generalitateko presidente Artur Masek baino gauza okerragoak egiten izango genuke», salatu du Basagoitik.
Duela lau urte PSE-EE Euskal Herrian aldaketa bat egin zedinbozkatu zutenak animatu ditu orain PPren alde bozkatzera, aukera azken hori dela azalduz. «PSE-EE ez dago, baina hemen gaude Basagoiti eta PP. Aukera fidagarria eta segurua da elkarbizitzarako markoen defentsarako eta guztion Euskadirako».
Euskalduna izatea bertan bizi, bertan zergak ordaindu eta bertan egotea besterik ez dela, eta horrek ez duela eragiten inposaketak onartzea salatu du Basagoitik.
PPko lehendakarigaiak «aske bizi nahi duen eta nazionalismoa inposatzea nahi ez duen euskaldunen gehiengoari» zuzendu zaio eskatuz datorren igandean boza ematera joateko; «Etxean geratzeak independentziarako eta nazionalismorako bidea hartzera behartu nahi gaituztenei laguntzeko soilik balioko du».
«Espainiaren barruan Euskadi plural» baten alde eta «nazionalismoaren alternatiba» bati boza ematera joango dela adierazi du PPko lehendakarigaiak. Nabarmendu du ez dituela inposaketak onartzen.
Araba da esperantza
«Independentzia edo nazionalismo arazorik» nahi ez dutenei botoa ematera joateko eskatu die Bizkaiko PPko presidente Anton Danboreneak, igandean ez dadin «irudi indargabetua» agertu.
Egungo Eusko Jaurlaritza gogor salatu du Iñaki Oiarzabal PPko Arabako zerrendaburuak; «Eusko Jaurlaritzak beti kaltetu izan du Gasteiz». Adierazi du «eraso nazionalistari» «kontrapisua» eragiten garrantzitsua izango dela Araba.
Horrez gain, UPDk botok kendu diezazkiokeen galdetzean, Oiarzabalek azaldu du «bozak aukerak dituzten alderdietan kontzentratzeko» unea dela.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Basagoiti: «PPren babesik gabe, Lopez nazionalismoari makurtuko zitzaiokeen»
PPko lehendakarigai Antonio Basagoitik ohartarazi du PSE-EEk egun ez duela ezer bermatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu