Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Balorazioak

Basagoitik aitortu du PPko kargua uzteko aukera buruan darabilela

Alderdikideek egin dizkioten kritikengatik minduta dago, baina Raxoik «erabateko babesa» adierazi dio

Antonio Basagoiti, herenegun gaueko agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
«Disgustua» hartu du Antonio Basagoiti EAEko PPren presidente eta lehendakarigaiak hauteskunde emaitzengatik. 129.907 boto eta hamar eserleku eskuratu ditu; 1990. urtetik izan dituen emaitzarik txarrenak. Nekatuta mintzatu da Basagoiti, eta kargua uzteko aukerari bueltaka dabilela aitortu du Cope irratian egindako elkarrizketa batean: «Bart gauetik eta atzo gauetik ideia hori darabilkit buruan, inolako zalantzarik gabe», esan zuen atzo.

Hauteskundeek utzi duten egoerak «atsekabea eta ondoeza» eragin dio PPko buruari. «Horrenbeste urtean terrorismoari aurre egin ondoren, herritarrek 21 eserleku eman dizkie EH Bilduri eta 10 PPri». Ezin du ulertu.

Alderdikideengatik minduta

Oraingoz, «indarrak» dituen bitartean eta bere alderdikideek «nahi duten» artean, karguan jarraituko duela adierazi du, baina nabarmendu du postua «beti PPren militanteen esku» dagoela. Edozein modutan, «inork ez dezala pentsa munduko saria ematen ari direla», zehaztu du, haserrea agerian utzita. «PPren presidente izateak ez dio inori bizitza konpontzen; abertzaletasunaren jazarpena eta gaiztoek seinalatuta egotea da lortzen dena».

Hortaz, adierazi du ez duela «karguari helduta egoteko intentziorik», zenbait alderdikideren kritikek eragin dioten mina ezkutatu gabe: «Ez dut inolako asmorik nire larrua jokatzen jarraitzeko, gero ez badago emaitzarik eta, gainera, inon ez bada baloratzen».

Hortaz, emaitza txarren erantzukizuna bere gain hartzen duela esan duen arren, horixe egozten dioten alderdikideen jarrera kritikatu du: «Jarraitzeko gogo gutxi uzten dute».

Abertzaletasunaren ondorio

«Emaitzak ez dira onak izan; onartu egin behar da», adierazi du. Baina horren zergatia beste azalpen mota batean aurkitu du: «Egoera konplexua da Euskadin, 30 urteko hezkuntza abertzalearen, hedabide abertzaleen, lidergo abertzalearen eta espainiarrarekiko gorrotoaren emaitzak jasotzen ari garelako». Basagoitik ohartarazi duenez, «euskal hezkuntza publikotik datozen lehen belaunaldiak botoa ematen ari dira dagoeneko».

Horren aurrean, Espainiako «jarrera nazionala indartzea» beharrezko dela adierazi du PPko buruak. Bide horri «sakonetik» heldu behar zaiola, eta ez hauteskundeei begirako estrategia «taktiko» gisa. «Sentimendu konstituzionalerako bidea» da Basagoitiren ustez egin behar dena; «planteamendu orokorra, Espainia komun batean sinesten dugun guztien arteko batasunean».

Raxoiren babesa

EAEko PPren buruzagitza atzo iluntzean zen bilera bat egitekoa emaitzek utzi duten egoera aztertzeko. Berri agentziek azaldu dutenez, zuzendaritzaren asmoa ez zen Basagoitik kargua uzteari buruz aritzea, baina ez zuten baztertzen eztabaida mahai gainean izatea.

Aurrez, PPren zuzendaritzak Madrilen egindako bileran, buruzagi nagusiek erabat baztertu zuten Basagoitiren dimisioa. Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak berak zoriondu egin zuen EAEko presidentea «egindako lanagatik», eta «babes osoa» azaldu zion. Berri agentzien arabera, Basagoitik hitza hartua zuen ordurako, eta karguan jarraitzeko asmoa azaldu zuen. Igande gauean, egindako lanagatik zoriondu eta animoak emateko deitu zion Raxoik Basagoitiri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.