Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Basagoitik dio independentzia hitzartu duela Urkulluk Masekin

Arenasek adierazi du Basagoiti dela EAEn pentsioen sistema berma dezakeen hautagai bakarra

Hodei Iruretagoiena
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
PPren lehendakarigai Antonio Basagoitik gogor egin du EAJren aurka hauteskunde kanpainaren azken egunean ere. Zehazki, alderdi jeltzalearen lehendakarigai Iñigo Urkullu ez dela «fidatzeko pertsona» esan du, eta ohartarazi du independentziarako bidea hitzartua duela Kataluniako Generalitateko presidente Artur Masekin: «Euskal Diada bat egin nahi du, eta zatiketarako pausoak ematen jarraitu». Basagoitik gaineratu du Urkulluri ez zaizkiola axola ez pentsioak ezta enpresak ere.

Barakaldoko BECen (Bizkaia) izan zen atzo goizean Basagoiti, PPren Lurralde Politikarako idazkariorde Javier Arenasekin batera, adineko pertsonen feria batean. Biharko hauteskundeak «Euskadiren eta Espainiaren etorkizunerako giltzarri» izango direla ohartarazi ondoren, Basagoitik adierazi du bi aukera soilik dituztela herritarrek: «Independentziara doan nazionalismoa edo normaltasuna eta lasaitasuna nahi dituen PP». Horrela, Basagoitik azaldu du PP indartsu bat beharrezko dela Eusko Legebiltzarrean, EAJri eta EH Bilduri «kontrapisua» egin eta «Euskadi moderazioaren bidetik joan dadin». PSE-EEri, berriz, «zein musika jarraitu» ez dakiela egotzi dio PPren lehendakarigaiak: «Eskoziakoa, Kataluniakoa, galdeketarena edo konstituzioarena».

«Pentsioen bermea»

«Kudeatzen dutenean sistema hondoratzen dutenen eta sistema hautsi nahi dutenen aurrean, Basagoiti da Euskadin pentsioen bermea». Hala esan du Arenasek, eta gogoratu du 1996an Espainiako Lan ministro kargua hartu zuenean «hondoratuta» topatu zuela pentsio sistema, PSE-EEren aurka eginez. Izan ere, Basagoitik garai hartan pentsioak hondoratzea eragotzi zuen ministrotzat aurkeztu die Arenas ekitaldian ziren pentsiodunei.

Arenasek aldarrikatu du PP dela Espainia osoan diskurtso bera duen alderdi bakarra: «Espainiak batzen gaitu; proiektu nazional bat izateak eta krisiaren eta langabeziaren aurka borrokatzeak». Bide beretik, adierazi duherritarren kezka berdinak dituela Basagoitik: «Krisiari irabaztea». Gainera, PSOEk federalismoaren alde egin izana ere kritika du Arenasek, zehaztasunik gabea delakoan. «Gaur egungo estatu federal guztiek Espainiako autonomia erkidegoek baino eskumen eta aurrekontu gutxiago dute», gaineratu du.

PP legebiltzarrean indartsu sartzearen beharra nabarmendu du Gipuzkoako hautagai Arantza Quirogak ere, «etorkizunean damurik izan ez dadin». Bihartik aurrera legebiltzarreko irudia alda litekeela onartu du Quirogak: «Presentzia nazionalista, muturreko, independentista eta antisistema handia egon liteke, herritar guztientzako oso kaltegarria».

Iluntzean, berriz, Gasteizko Sansomendi kiroldegian egin zuen PPk kanpaina amaierako ekitaldia. Bertan izan ziren, Basagoiti eta Quirogaz gain, Bizkaiko zerrendaburu Iñaki Oiarzabal, Kongresuko PPren bozeramaile eta Gasteizko alkate ohi Alfonso Alonso, eta PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.