Ingurumena

Basoa erosi eta Bizkaian eukaliptoaren mozketa mugatzeko asmoa iragarri du Antxustegik

Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatu berriak eukaliptoa mozteko gutxieneko hamabost urteko epea ezarriko dutela esan du.

Eukaliptadi bat, pinudi baten aurrean, Muxikan. OSKAR MATXIN EDESA, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko apirilaren 23a
16:01
Entzun

Amaia Antxustegik gaur azaldu du Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatu gisara zer asmo duen legegintzaldi honetan. Adierazi duenez, herrialdean eukaliptoa mugatu eta bertako espezieak aldatzea bultzatuko du, eta ez soilik foru jabetzako basoetan; jabetza pribatuko basoak erosteko plan bat antolatuko duela esan du.

Datozen hilabeetako lehentasunetako bat izango dela aurreratu du, eta horretarako hainbat neurri hartuko dituztela. Horietako bat da Bizkaiko Aldundiaren izenean basoa erostearena, "eskualde guztietan basoberritze eta lehengoratze natural proiektuak garatzeko". Klikatu irudia, handitzeko.

Horretarako plan bat egingo duela esan du Antxustegik. Izan ere, diputatuaren hitzetan, ez dago tresna juridikorik edo araudirik lur pribatuetan eukaliptoa landatzeko mugak ezartzea babesten duenik. Horregatik, gaur egun jabetza pribatuko basoak direnak erosi eta horietan bertako espezieak aldatuko dituela esan du.

Mozketak, hamabost urtera

Eukaliptoa mugatzeko, mozteko gutxieneko hamabost urteko epea ezarriko duela esan du. Gipuzkoako Aldundiak atzo hartu zuen neurri hori, baina gutxieneko epea hamarretik 25 urtera handituz eta pinuak duen mozketa epearekin berdinduz. Epe horiekin mugatu egiten da eukaliptadi batek izan dezakeen errentagarritasuna. Gainera, Antxustegik esan duenez, Bizkaiak ez du finantzatuko eukaliptoen laborantzatik datozen mozketa sanitarioak.

Horrez gain, Antxustegik iragarri du Bizkaiko Aldundiak diruz lagunduko duela "basoen kudeaketa iraunkorra, baso autoktonoen kontserbazioa eta baso aloktonoen ordez baso autoktonoak ezartzea bideratzen duten metodoen aplikazioa". Adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiak hamabi urte daramatzala espezie horren landaketak diruz lagundu gabe eta esan du orain "beste pauso bat" emango dela. .

"Neurri horien helburua da espezie horren hedapena murriztea eta zuhaitz autoktonoen landaketa bultzatzea", esan du Antxustegik. Eukaliptoaren hedatzea mugatzeko neurriez gain, Bizkaiko baso ondarearen bilduma bat sortzeko asmoa ere iragarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.