Koronabirusa

Bastida. Lehen lerroaren itzala

Arretagune nagusietako bat izan ondoren, ohiko egunerokora itzultzea dute helburu herritarrek

Komertzio eta tabernak itxita daude oraindik Bastidan. Irudian, udaletxe aurreko plaza, atzo, hutsik. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Bastida
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Mundu bat igaro dela dirudi, baina, egutegiaren arabera, bi hilabete baino ez dira Bastida (Araba) izurritearen erdigune izan zenetik. Martxoaren 9 hartan, astelehen goizez, hedabideen arretagune nagusia izan zen Arabako Errioxako herria: kutsatze arrisku handiko eremu izendatu zuten, eta eskolak itxi zituen aurrenekoa izan zen Euskal Herrian. «Seinalatuak izan ginen», gogoratu du Marta Moralesek. Alaba txikiarekin eta txakurrarekin atera da pasieran, goizeko lehen orduko lasaitasuna baliatuz.«Harrituta geratu ginen bizilagun gehienok, ez genuelako uste egoera hainbesterakoa zenik. Baina protagonistak bilakatu ginen bat-batean». Egoera oso bestelakoa da orain, ordea. Konfinamendua arintzeko lehenengo fasean da herria, baina maiatzaren 11ko astelehen goizak ez du zerikusirik duela bi hilabeteko harekin. «Etxean ixtea egiten zen arraro lehen; orain, berriz, etxetik ateratzea», erantsi du Moralesek.

Egun, 35 kasu daude baieztatuta Bastidan, baina 125 dira denera Arabako Errioxan. Gaitza izan dutenetako bat da Maria Teresa Untoria. Bi hilabetez egon da etxean bakartuta, eta bakardade hori gogorragoa egin zaio gaixotasuna bera baino. «Alaba etxe atarira etortzen zitzaidan gauzak ekartzera, baina alde egiten zuen gero, badaezpada. Tristea da, gero, horrela ibili behar izatea». Banketxera joan da, baina itxita aurkitu du bulegoa. Kristalezko atetik begira hasi, eta barruan norbait badela ohartu da. Atea jotzea erabaki du. «Oraindik ez dakigu noiz zabalduko dugun. Ordainketak Internet bidez edo kutxazainetan egin daitezke bakarrik, eta, larrialdiren bat izanez gero, Guardiara joan behar duzu», gogorarazi dio bulegoko arduradunak. Sukar apur bat izan zuela oroitu du Untoriak, eta buruko mina ere bai; «besterik ez».Bigarren eguna du kalean. Eta aurrezki libreta eguneratzea ere lortu du azkenerako.

«Ahanzturan»

Mugimendu gutxi sumatzen da eguerdian herrigunean. Kalean diren herritarrak udaletxe plazako janari dendan daude ilara egiten, hiruzpalau bizilagun gehienez ere; elkarren artean bi metroko distantzia errespetatuz, hori bai. Horietako bat da Maria Jose Arinas; ogia eta oinarrizko jakiak erostera joan da dendara. «Gainerakoa sarean eskatzen dut, hemen ez daukagu-eta denetarik erosteko aukerarik». Arinasek aitortu du itxialdiaren aurretik ere egiten zituela erosketak Internet bidez, tarteka. Harora (Errioxa, Espainia) joaten ziren normalean, baina konfinamenduak «errotik» aldatu ditu haren erosketa ohiturak.

Komertzio eta tabernak itxita daude, halere. Bastida kafetegiak ez du terrazarik, eta bigarren fasea noiz iritsiko zain da Javier Bastida, negozioa ireki ahal izateko. Gurasoekin batera egiten du lan bertan. Kezkatuta azaldu da; izan ere, uste du egoera luzeegi doala, eta arduratuta dago horrek herriko ekonomian izango duen kaltearekin. «Turismoari esker bizi da herria, eta hari esker bizi gara gu, ostalaritzan aritzen garenok».

Luzeegi egin zaizkio bi hilabeteak German Romero gazteari ere. Ikasten dihardu oraindik, baina tarteka gurasoen mahastietan lanean aritzeko aukera izan duela adierazi du. «Lan ugari dago egiteko, eta laguntzen aritu naiz. Horrek arnasa hartzeko balio izan dit». Krisiak herriaren irudiari «kalte egin» diola uste duen arren, «baikorra» da aurrera begira. «Hau guztia ahanzturan geratuko delakoan nago. Jendeak errazegi ahazten baititu gauzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.