1998an Realak Madrilen Atlhetico Madrid taldearen aurka jokatu zuen partidaren aurretik Aitor Zabaleta Donostiako futbol taldearen jarraitzailea hil zuten, eta horren harira, Bastion 1903 taldeko hamaika kide epaitu zituzten Madrilgo Lurralde Auzitegian. Bi delitu leporatzen zizkieten: desordena publikoak eragitea, eta, halaber, legez kontrako taldeko kide izatea.
Hamaika lagun horietatik zortziri —tartean Zabaletaren hiltzaile izateagatik zigortutako Ricardo Guerrari— urtebete eta zortzi hilabeteko espetxea ezarri die epaimahaiak desordena publikoengatik, eta beste hiru absolbitu egin ditu istiluetan parte hartu zutela ez dela frogatu argudiatuta. Legez kontrako taldeko izate delitutari dagokionez, berriz, guztiak errugabe direla erabaki du Madrilgo Auzitegiak, finean, ezin dela baieztatu Bastion 1903 legez kontrako taldea dela. Epaiaren arabera, legez kontrako talde izateko antolaketa zehatza eta helburu deliktiboak behar ditu talde batek, eta epaimahaiak ez dio halakoren zantzurik sumatu Bastion 1903ri.
Akusazioen arabera, ordea, eskuin muturreko pentsakerako taldea zen hori, eta haietan oinarritutako ekintza bortitzak eramaten zituen aurrera. Aitor Zabaleta hil zuten eguneko istiluen lekuko izan ziren hainbatek behin baino gehiagotan adierazi izan dute euskaldunen bila zebiltzala jotzeko eta eraso egiteko; hots, euskaldunen kontrako jarrera zegoela haien jokabidearen muinean. Epaiaren arabera, ordea, ez zegoen halako motiborik; futbol aurkakotasunean oinarritutakoak baino ez.
Zabaletaren familia etsituta agertu da epaiaren berri jakin ostean, eta Madrilgo Auzitegiaren erabakiak Justiziaren "balio eza" utzi duela agerian iritzi dio.
'Aitor Zabaleta auzia'
Bastion 1903 taldea ez da legez kontrakoa Madrilgo Auzitegiaren arabera
Aitor Zabaleta Realaren jarraitzailearen hilketaren zerikusia izan zutelakoan epaitutako hamaika lagunak absolbitu egin ditu Madrilgo Auzitegiak legez kontrako taldeko kide izate delitutik. Finean, Bastion 1903 taldea, akusazioen arabera eskuin muturreko pentsakera duena, ez dela legez kanpokoa ebatzi du epaitegi horrek. Hamaika gazte horietatik zortziri urtebete eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete desordena publikoak eragiteagatik; beste hirurak guztiz libre utzi ditu. Zabaletaren familia etsituta agertu da "Justiziaren balio ezarekin".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu