Bilboko Basurtuko ospitaleko psikiatria gunean paziente batek eraso egin zion segurtasun zaindari bati joan den astean. Zentroan bertan artatu zuen langilea, eta aurpegian kalte larriak eragin zizkion. 30 puntu eman behar izan zizkioten, eta begi batean ikusmena galtzear egon zen.
Invico enpresako langilea da kaltetua, eta Prebentzio eta Lan Osasun batzordeak salatu du hainbat urte daramatzatela zentro horretan babes neurri gehiago jartzeko eskatzen. Haien arabera, esku hartze asko egin behar izaten dituzte, eta horiek arrisku handia dute. Neurriak hartzeko eskatu izan dute larrialdietan lan egiten duten zaindariak babesteko ere, «eremu gatazkatsua delako».
CCOO sindikatuak iragarri duenez, azken erasoa salatzeko, gabeziak agerian uzteko eta babes neurriak exijitzeko protesta egingo dute bihar Basurtuko ospitalearen ate nagusian. Protesta 11:00etatik 11:30era izango da.