Batasun behar zuena, hauteskunde bihurtuta

Capdevielle diputatu sozialistak bere kabuz egin ditu zuzenketak Asanblea Nazionalean lurralde erreformaz.Eztabaida eragin du horrek Hautetsien Kontseiluan, eta batasunean arrakalak sortu

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Frantziako lurralde erreformako eskumenen atala Senatutik igarota, Asanblea Nazionala hasi da lege horri dagozkion zuzenketei buruz eztabaidatzen, lege batzordean. Colette Capdevielle diputatu sozialistak aldaketa proposamen ugari eraman ditu bertara, eta egunotan aipagai izan dituzte diputatuek, Parisen. Bere kabuz aurkeztu ditu zuzenketa gehienak, ordea: Ipar Euskal Herriko gainontzeko parlamentarien oniritzirik gabe. Elkarrekin hainbat bilkura egin izan dituztela jakina da, baina hortik landa, kontakizunaren bertsioak aldatuz doaz alde bateko zein bertzekoen ahotan. Jean-Jacques Lasserre senatari zentrista eta Hautetsien Kontseiluko presidenteari, Sylvaine Alaux diputatu sozialistari eta Capdevielleri berari horri buruz sorturiko ezbaiez galdetzeko aukera izan du BERRIAk.

Asanblea Nazionaleko korridoreetatik erantzun die Capdeviellek galderei, lege batzordearen saioen arteko atsedenaldian. Azaldu duenez, bai Lasserre eta Frederique Espagnac senatariei, bai Alaux diputatu sozialistari erakutsi zizkien prestaturiko zuzenketak, Parisera joan aitzin. Astelehenean Hautetsien Kontseiluan horren inguruan eztabaidatzea zen haren asmoa, baina, haren arabera, proposamen horri muzin egin zion instituzio horren lehendakari Lasserrek: «Lehenago idatzi nion Lasserreri, eskatzeko aztertu ahal izatea zuzenketa horiek. Zeren eta eztabaida parlamentario bete-betean ari baikara egunotan. Jakin nahi nuen zein mantentzen ahal nituen, zein bertze modu batez idatzi... Joan den astean bidali nizkion zuzenketak, eta galdegin nion Hautetsien Kontseiluan aipa zitzan, baina uko egin zion proposamenari».

Capdevielleren erranei buruz galdetuta, ordea, gezurra direla erantzun du segidan Lasserrek. Azaldu duenez, joan den ostiralean igorri zizkion zuzenketak diputatuak senatariari, ez lehenago; eta Hautetsien Kontseilua astelehenean bildu behar zenez, ez zegoen horiek lantzeko aski denborarik: «Zuzenketa anitz ziren, eta oso konplikatuak». Prozedura bera ere gaitzetsi du Ipar Euskal Herriko hautetsien lehendakariak. «Nahi zuen posiziona nendin Hautetsien Kontseiluaren izenean. Proposatu nion bilkurara etortzeko zuzenketak aurkeztera, eta ez zuen egin: ez zen etorri». Horren ordez, hain zuzen, gutun bat igorri zion Lasserreri, bertzeak bertze leporatuz interes hartze ilegal bat egiten ari zela, aldi berean izan nahi zuelako Hautetsien Kontseiluko lehendakaria eta Departamendu Kontseiluko presidente berria —martxoko departamenduetako bozetara aurkeztuko da, hain zuzen, Lasserre—. Hori dela eta, Hautetsien Kontseiluko lehendakaritza uzteko eskatu zion gutun horren bidez Capdeviellek. Kontseiluko kideek, baina, mozio baten bidez gaitzetsi zuten diputatuak gutunean eginiko eskaria.

Alauxi buruz, bertzalde, zuzenketak izenpetzeari uko egin ziola azaldu du Capdeviellek, eta Alauxek segidan azaldu: «Urtarrilaren 30 goizean bidali zizkidan, eta 14:00etarako erantzutea nahi zuen: ulertuko duzu zailtasunak nituela aztertzeko».

«Joko politikoa»

Departamenduetako hauteskundetako lehia puri-purian dago jada Ipar Euskal Herrian, eta horrek ez du laguntzen hautetsi bakoitzaren motibazio ala argudioak ulertzen. Hain zuzen, «joko politikoa» egitea leporatu dio batak bertzeari, zuzenketa eta gutunarengatik sortutako eztabaiden harira. Bitartean, batasuna behar zuenak ez du itxura hori inondik ere hartzen. Espero izatekoa zen, hain zuzen, parlamentariek proposamen bateratu bat eramanen zutela Frantziako lurralde erreformari buruz Parlamentura. Oraingoz, baina, Capdevielle izan da zuzenketak aurkeztu dituen bakarra; eta bere kabuz egin du, gainera. Bertze parlamentariek ez dute ukatzen biltzen aritu direnik, baina ez dute oraingoz argitu zerbait adostu ote duten. Hainbat jurista eta aditu aztertzen ari dira, hain zuzen, prefetak eginiko proposamena egokia ote den Ipar Euskal Herriarentzat. Lan «kolektibo» horri jarraitu beharko litzaiokeela uste du Alauxek. «Batzuek, ordea, joko pertsonal bat egin nahi izan dute. Eta joko horrek ez du zertan joan egiten ari garen lan kolektibo horren ildotik».

Capdevielleren hitzetan, berriz, jurista horien proposamenei jarraiki egin ditu zuzenketak, eta dolu du Hautetsien Kontseiluankontrastatu ezin izana. «Iruditzen zait gaur egun Hautetsien Kontseilua instituzio gardena izan beharko litzatekeela, bilkura guziak izan beharko liratekeela irekiak. Ez da batere normala lehendakariak aldebakartasunez erabakitzea, galdetzen dudana oinarrizkoa denean. Hautetsien Kontseiluak ezin badu horretaz eztabaidatu, larria da».

Sufragio unibertsal zuzena

Capdeviellek Asanblea Nazionalera eramaniko proposamenen artean hiru dira nagusi, herri elkargoei dagokienez: biztanle gutxienekoa 300.000 pertsonara igotzea, auzapezen konferentzia bat sortzea eta elkargoetako ordezkariak sufragio unibertsal zuzenaren bidez hautatzea. Lehenbiziko biak gibelera bota ditu jada gobernuak: biztanle heina 200.000n utzi du, eta auzapezen konferentziarena baztertu.

Sufragio unibertsal zuzenaren proposamenak, ordea, aitzina egin dezake. Gaur egun udal hautetsien zerrendetatik hartzen diren herri elkargoetako ordezkariak hemendik landa bozketa bidez hautatzea ekarriko luke zuzenketa onartzeak. Horrek zentzu handiagoa emanen lioke Ipar Euskal Herriko balizko instituzioari. Erreforma hori, dena den, diputatu sozialista guziek batera aurkezturiko zuzenketa batean zegoen jada, Alauxen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.