Indarra eta batasuna irudikatzeko premia sentitu, eta zerrenda berritzaileagoak egiteko asmoa bazterrean utzi du, azkenean, PPk. Betikoak direla, eta, eztabaidak eztabaida, ez dutela barne hausturarik erakusteko beharra izan du. Hortaz, PP barruko ideologia guztietako pertsonarik ezagunenek betetzen dituzte zerrendak. Adierazgarrienak direnak, eta izan direnak. Edozein kasutan, kargua eskuratu dezaketen gehienak orain ere legebiltzarkide direnak dira. PPko buru eta lehendakarigaiAntonio Basagoitik, zerrendetan alderditik kanpoko pertsonak ere biltzeko apustua egina zuen. Baina horien artean esanguratsuenak zirenek atzera egin dute azkenean. Gainera, azken asteetan Josu Uribetxebarria minbiziak jota dagoen presoa askatzeari buruz alderdi barruan izan dituzten iritzi kontrajarriek liskarrak eragin dituzte PP barruan. Horrek, hasierako asmoa bertan behera uztera eta zerrendak independenteekin aberasteko aukera alboratzera eraman du Basagoiti. Etxekoak batu, eta alderdia sendo dagoela azaltzea lehenetsi du; betikoak direla erakustea.
Horretarako, karga sinbolikoa duten pertsonek itxi dituzte zerrendak. Hori adierazten du PPren ildorik kontserbadoreenaren erakusgarri direnak aurkeztu izana zerrendetan, betelanean bada ere: Carlos Iturgaiz, Santiago Abascal eta Pilar Elias. xede sinboliko bera du Leopoldo Barreda, Ramon Rabanera eta Alfonso Alonsoren presentziak ere.
Araban du indar handiena PPk. Gainera, Araban boto gutxiago behar dira Bizkaian eta Gipuzkoan baino, eserlekua eskuratzeko. Ahalegin berezia egin du, hortaz, PPk, herrialde horretan. Javier Maroto Gasteizko alkatea zerrendan bigarren izatea da froga. PPrekin erabat ados egon ez arren, Legebiltzarrera Gasteizen alde egitera joango dela adierazi du Marotok. Eta ez duela alkatetza utziko. Arabako zerrendaburua Iñaki Oiartzabal izango da berriz; horien ondoren, berriroaurkeztu dira Laura Garrido, Carmelo Barrio, Maria del Carmen Lopez de Okariz eta Mari Mar Blanco egungo legebiltzarkideak.
Bizkaian, Basagoiti lehendakarigaiaren ondoren, egun BizkaikoPPren legebiltzarkide diren beste hiru ordezkari ere berriro aurkeztu dira lehen postuetan: Anton Danboreneak, Nerea Llanosek eta Carlos Olazabalek.
Gipuzkoako hiru legebiltzarkideak lehen hiru postuetan aurkeztu dira orain ere: Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentea, Borja Semper eta Manuel Mitxelena.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Batasun irudia eman beharra
Zerrendak alderditik kanpoko pertsonekin aberastu nahi zituen Basagoitik, baina atzera egin du azken unean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu