'Bateragune auziko' epaiaren oinarririk eza eta okerrak, agerian

Akusatuen defentsek kasazio helegiteak aurkeztu dituzte Auzitegi Gorenean, zigor epaia baliogabetzeko eskatuzKasazio motiboen artean, errugabetasun printzipioa urratu izana azaldu dute

Pello Urzelai.
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jazinto eta Miren Zabaletari espetxe zigorra ezarri dien epaia «oinarririk gabekoa», «logikaren kontrakoa» eta «zentzugabekerietan eta okerretan oinarritua» da, akusatuen defentsek Auzitegi Gorenean aurkeztutako kasazio helegiteetan nabarmendu dutenez. Horregatik, Auzitegi Nazionalak irailaren 16an jakinarazi zuen epaia baliogabetzeko eta akusatuak absolbitzeko eskatu dute defentsek. Aipatutako epaian, hamarna urteko espetxe zigorra jarri zieten Arnaldo Otegiri eta Rafa Diezei, eta zortzina urtekoa Miren Zabaleta, Sonia Jazinto eta Arkaitz Rodriguezi.

Jone Goirizelaia, Kepa Landa eta Iñigo Iruin defentsa abokatuek motibo ugari aurkeztu dituzte epaia baliogabetzeko eskatzeko orduan. Defentsen ustez, besteak beste, epaiak akusatzearen printzipioa hautsi du, errugabetasun printzipioa urratu du eta zigor mota oker ezarri du. Halaber, tribunalaren inpartzialtasunaren falta argudiatu du Otegiren defentsak, eta forma haustea Arkaitz Rodriguezenak, gertaeren kontakizunean pertsona hori ez delako aipatzen.

Errugabetasun printzipioa

Defentsek garrantzi berezia eman diote errugabetasun printzipioa urratu izanari. Tribunalak onartzen du ez dagoela zuzeneko frogarik, eta zigorra zantzu bidezko frogan oinarritzen du. Baina, defentsen ustez, froga horrek ez du betetzen jurisprudentziak jasotako baldintzak. Epaia hareazko zutabeetan eraikitako gaztelu bat dela agerian utzi dute defentsek. Izan ere, Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martelek osatutako epaimahaiaren epaiak bost «oinarrizko egitate» aipatzen ditu zigorra justifikatzeko: LAB sindikatuaren egoitzan izandako bilerak, Ipar Euskal Herrira egindako bidaiak, ETAren eta ezker abertzalearen arteko «kausa-efektuko harremana», ETAk eta ezker abertzaleak antzeko terminologia erabiltzea eta, azkenik, «tesi armatuetatik benetako urruntasuna adierazten duen jarduera falta». Bost helduleku horiekin, zantzu eta inferentzien bidez osatu zuen epaimahaiak zigor epaia. Baina, defentsen ustez, zantzu bidezko frogak ez dauka behar besteko baliorik eta kalitaterik. Zantzu batzuk ez daude frogatuta, eta besteek ez dute balio inkriminatzeko, ezta uztartzeko frogatu beharreko egitatearekin. Horrez gain, inferentziak ez dira arrazoitzen epaian. «Oinarrizko egitateak akreditatutzat eman ondoren, tribunalak inferentziaren arrazoibidea azaltzeko ezinbesteko eginkizunari ekin behar zion. Derrigorrezkoa da, eta ez du egin», nabarmendu du Iñigo Iruin abokatuak Rafa Diezen izenean jarritako helegitean. Adibide argi bat jarri du. Gertaera frogatuen hasieran, epaiak dio ETAk «agindu» ziela akusatuei ezker abertzalearen «koordinazio edo zuzendaritza batzorde edo organizazio bat» osatzea. Defentsak agerian utzi du baieztapen horren oinarri falta: «Ez dago mandatuaren froga zuzenik. Akusatuek ez zuten onartu, ez deklarazio judizialetan, ez ahozko epaiketan. Epaian ez da aipatzen inongo lekuko edo perituren baieztapenik. Salari zegokion azaltzea nola iristen den ondorioztatzera mandatu hori egon zela. Tribunalak ez du egin».

Jurisprudentzian ongi zehaztuta dago inferentziek nolako baldintzak bete behar dituzten Konstituzioaren araberakoak izateko. Defentsaren ustez, epaiak ez ditu betetzen. Batetik, kontrako norabideko zantzuek beharrezko kohesioa indargabetzen dutelako. Bestetik, inferentzia irekia, ahula eta zehatzgabea denean ezin delako behar bestekotzat jo. «Zantzu eta kontrazantzu guztien multzoak kontrako norabideko egitate-hipotesi bat formulatzea ahalbidetzen du».

Iruin abokatuak argudiatzen duenez, «logikoagoa eta arrazoizkoagoa» da planteatzea «ezker abertzalearen gogoetak eta erabakiek eraman zutela ETA 2011ko su-etena aldarrikatzera eta eragin zutela 2011ko urriaren 20ko jarduera armatuaren amaiera».

Epaian garrantzi berezia du ETAren bi agiriren eta ezker abertzaleari egotzitako beste agiri baten arteko loturak. Balizko lotura hori aipatuz, epaiak dio akusatuek «bete eta garatu» zutela ETAk agindutakoa. Helegiteak nabarmendu egiten du dokumentu horien inguruan tribunalak egindako inferentziak «argi eta garbi, logikarik gabeak, okerretan oinarrituak eta sendotasunik gabekoak» direla. Adibidez, tribunalak ETAren bigarren dokumentuan (Ekaitz Sirventi atzemandakoa) «biraketa bat» ikusi du tribunalak, borroka politikoari lehentasuna emango zitzaiolako. Baina halakorik ez dago agiri horren testuan.

Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuek ere agerian utzi dute «epaiak berak aipatzen dituen agirien edukiak Salak nahi duenaren kontrakoa erakusten duela». Eta, gainera, «ez dago inolako motibaziorik».

Terminologiaren antzekotasunari dagokionez, Iruin abokatuak argudiatu du antzekotasun hori ezin dela hartu izaera inkriminatzailea duen zantzutzat, are gehiago dokumentu horiek egileak esparru ideologiko berekoak direnean. Halaber, defentsaren arabera, kointzidentzia ez du baliorik talde armatu bateko kide izatearen delitua akreditatzeko .

Horrez gain, epaiketan LAB sindikatuan egindako bilerei buruz edo Ipar Euskal Herrira egindako bidaiari buruz bildutako datuetan oinarrituta, defentsaren ustez, ezin da frogatutzat eman tribunalak aipatzen dituen oinarrizko egitateak. Rafa Diezen kasuan, gainera, Iruinek gogoratu du epaiketan akreditatu zela tribunalak aipatutako bilera batzuetan ez zela egon, adibidez atxiloketaren egunekoan.

Bestalde, Rafa Diezen defentsak gogoratu du epaiketan intentsitate handiko sei kontrazantzu aurkeztu zituztela. «Salak, ordea, ez ditu baloratu eta arrazoitu gabe atzera bota ditu».

Jone Goirizelaiak eta Kepa Landak ere nabarmendu dituzte kontrazantzuen garrantzia eta epaiaren kontraesanak. «Epaiak ETAri egotzi dio Mugarri txostena. Horren aurrean, akusatuek Argipena aurkezten dutenean, ETAk beste bat aurkezten du alternatiba gisa, Mugarri. Nola esan daiteke akusatuak ETAkoak direla eta bere agindupideak jarraitzen dituztela eta txosten bat aurkezten dutenean ETAk kontrako bat aurkezten duenean?».

Denboraren ikuspegia

Akusazioaren kontakizun faktikoa 2009ko martxotik urrira kokatzen bada ere, Rafa Diezen defentsak denboraren ikuspegia kontuan hartzeko eskatu du helegitean. Iruin abokatuak argudiatzen duenez, «froga zuzenik ezean, zantzuen aurrean eta 'inferentzia logiko asko' egin beharrean aurkitzen bagara, kontuan hartzekoak dira akusatuetako batzuk bileretan egiten ari zirenaren zentzua ulertzeko balio dezaketen ondorengo adierazpenak». Defentsaren ustez, 2009an gertatzen ari zena ondoren gertatutakoaren argipean interpretatzeari uko egitean oker jokatu du Auzitegi Nazionaleko tribunalak.

Helegiteetan, errugabetasun printzipioaren urraketaz gain,akusatzeko printzipioaren urraketa ere nabarmendu dute defentsek. Izan ere, fiskalaren eta herri akusazioaren ondorioetan akusatuei Bateragune osatu eta Bateraguneko kide izatea leporatzen zaie, baina zigorra ezartzen zaie «ezker abertzalearen barneko koordinazio eta zuzendaritza batzordeko kide» izateagatik. Hau da, tribunalak onartzen du ez dela frogatu akusatuek Bateragunerekin zerikusia zutenik, baina zigortu egiten ditu akusazioetan agertzen ez zen koordinazio talde bat osatzen zutela esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.