Bateraguneko epaia salatu dute nazioarteko hainbat eragilek

Gaur egingo da, Bilbon, auzia gaitzesteko manifestazio nazionala; Casillatik abiatuko da, 17:00etan

Erredakzioa
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auzian ezarritako epaia salatzeko, manifestazio nazionala egingo dute Bilbon gaur, hainbat alderdik, sindikatuk eta eragilek deituta. Epaiketarik ez, zigorrik ez, eskubide guztiak guztiontzat lelopean abiatuko da Casillatik, 17:00etan.

Manifestazioan parte hartzeko deia egin dutenen artean daude EA, Alternatiba, ezker abertzalea, Aralar eta Erabaki —Ezker Batuko kolektiboa—, baita LAB, EILAS, Hiru, EHNE eta ESK sindikatuak ere. Eragileei dagokienez, berriz, Lokarri, ESAIT, Gazte Abertzaleak eta Ikasle Abertzaleak daude, besteak beste.

Beren atxikimendua adierazi diotenen artean daude nazioarteko hainbat sindikatu eta eragile ere: esaterako, Munduko Sindikatuen Federazioa, Naziorik gabeko Estatuetako Sindikatuen Plataforma eta Metalaren eta Meatzaritzaren Nazioarteko Elkartea. Argentinako, Brasilgo, Italiako, Saharako, Turkiako Uruguaiko, Pakistango, Frantziako, Galiziako, Kataluniako, Kanariar Uharteetako, Andaluziako, Aragoiko eta Asturiasko hainbat eragilek ere bat egin dute manifestazioarekin.

Bateragune auzian auzipetutako guztien «baldintzarik gabeko» absoluzioa eskatu du LABek. Oskar Matute Alternatibako kideak, berriz, azaldu du Bateragune auziko epaia «erabat politikoa eta bidegabea» dela, eta, hori dela-eta, «gizarteak eskatzen duenaren kontrako bidean doan epai horri kalean erantzuteko» eskatu die herritarrei.

Horrez gain, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile nagusiak esan du Brian Currin buru duen Harremanetarako Nazioarteko Taldea «atsekabetuta» dagoela epai horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.