Ipar Euskal Herriko zazpi gunetan egonen dira Batera plataformako kideak larunbatean 10:00etarik eguerdi arte, errepideak blokeatzen: Miarritzeko aireportu ondoan, Ziburu eta Urruña artean, Senpere sartzean, Kanbon, Donazaharren, Aiziritzen eta Maulen. Ekintza horren bidez, euskal lurralde elkargoari begira Frantziako Gobernuak, departamenduko Kontseilu Nagusiak eta tokiko hautetsi zenbaitzuk duten blokeo joera erakutsi eta salatu nahi dute. «Mespretxuak sobera iraun du, ez dugu gehiago onartzen eta horretarako gure boza entzunarazi behar dugu», Baterak dionez.
Zazpi gune horietan zirkulazioa oztopatua izanen da: edo bata bestearen ondotik poliki-poliki pasatzen utziko dira autoak edotasaihesbideak egonen dira. Horrela, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari buruz herritarrak informatzea dute xede, Nikolas Blain Baterako kideak azaldu duenez. Auto guztietakoei eskutitz zein liburuxkak banatuko dizkiete. Behin eta berriz haien aldarrikapena ozen entzunarazteko, «mobilizazio masibo bat» dute larunbaterako helburu. «Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izateko, ezagupen instituzionala nahi duten guztiei» ekintzan parte hartzeko deia egina die antolatzaileek. Iazko uztailean egin biltzar nagusian zuten ekintza hori adostu. Orduan, Frantziako Estatuak duen «mespretxua» eta «erantzun eza» ikusiz, «doinua azkartzeko» beharra dagoela azpimarratu zuten.
Testuinguru «aberatsari» so
Ikusiz Frantziako presidentetzarako eta Legebiltzarreko hauteskundeak direla aurten, aldarrikapena berresteko garaia dela dio Blainek. Justuki, euskal lurralde elkargoaren nahiaren berri emanen diete hautagai guztiei, eta harremanetan sartuak dira jada zuzenki Parisko arduradun batzuekin eta tokiko ordezkari zenbaitekin.
Horrez gain, Euskal Herriak bizi duen aro politiko berria ikusiz ere, lurralde elkargoa lortzeko testuinguru baikorra dela uste du plataformak. Hain zuzen, ETAk jarduera armatua utzi duela eta, Frantziako Gobernuak bortizkeriaren «estakuru faltsua» ez duenez gehiago, «orain aldarrikapenari erantzuteko garaia dutela»dio Blainek. Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiri begiratuta ere, testuinguru «aberatsa» dela dio: «Lurralde elkargoari buruzko eztabaidak garrantzi handia hartu du, ez da inoiz hainbeste jende horri buruz lanean aritu». Besteak beste, gobernuak adostu lurralde berrantolaketak Pays egituraren desagerpena dakarrenez, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak ere badute haien geroari begira gogoeta bat abiaturik.
Eskumen propioak eta herritarrek zuzenki bozkaturiko batzarra lituzke elkargoak, eta, horrez gain, aurrekontu propioa ere luke. Frantziako Estatuak jarri definizioan kokatzen da Bateraren eskaera. Hori dela eta, bost modutakoa izaten ahal litzateke: herri, departamendu, eskualde, estatus berezia edo Itsasoz haraindiko Departamendua ala Lurraldea. Korsikar ereduan anitz inspiraturik lurralde elkargo baten oinarriaren proposamena landua du Baterak. Proposamen horren aurkezpena zuten egin,besteak beste, iazko azaroan hamabost herritan antolatu herritar foroetan. Guztira, 500 bat lagun bildu ziren saioetara, eta orokorki «anitz galdera eta eztabaida» izan zirela nabarmendu zuten antolatzaileek.
Ekintzaz ekintza euskal lurralde elkargoaren aldarria entzunarazten daramatza urteak plataformak. Hori aitzin, 2010ko martxoan ezagupen instituzionalari buruzko kontsulta antolatu zuten 132 herritan. «Euskal Lurralde Elkargo baten sortzearen alde zirea?» galderari orotara 34.610 lagunek zuten erantzun, %78,22k alde, %19,14k kontra eta %2,73k zuri adieraziz.
Batasuna eta NPAren deia
Larunbateko ekimenean parte hartzeko deia egin duBatasunak. Frantziako Gobernuaren joera salaturik, ezagupen instituzionalaren eskaera erantzunik gabe uztea «arduragabekeria» dela dio alderdi abertzaleak. Horrez gain, gatazka politikoaren konponbidean,Ipar Euskal Herriaren ezagutza «prozesuaren osagai garrantzitsua» dela gehitu du.
Batasunaren iduriko, Autonomiaren estatutua da Ipar Euskal Herriak behar duena. Hala ere, beste formatako lurralde kolektibitate baten ezaugarrien inguruan gizarte sektore zabalarekin hitz egiteko eta adostasun bat lortzeko «prest» agertu da. NPA alderdi antikapitalistak ere bat egin du larunbateko mobilizazioarekin.
Baterak bideak blokeatuko ditu larunbatean, Parisen blokeo joera gaitzesteko
Ipar Euskal Herriko zazpi gunetan egonen dira, euskal lurralde elkargoaren aldarria entzunarazten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu