Cesar Gonzalez

"Batez bestekoa baino handiagoa da Esa apurtzeko arriskua"

Cesar Gonzalez irakasle aritzen da Zaragozako Unibertsitatearen menpeko Huescako Goi Eskola Politeknikoan; Esako segurtasunari buruz mahai teknikoa osatzeko eskatu dio Ebroko Ur Konfederazioari.

Jariakinen Mekanikaren arloko irakaslea da Cesar Gonzalez. LUIS LORENTE GRACIA
edurne elizondo
2015eko martxoaren 6a
11:38
Entzun

Ikastaro bat egin berri dute Huescan (Aragoi, Espainia), balizko arriskuaren araberako urtegien sailkatzeari buruz. Cesar Gonzalez Cebollada izan da arduradunetako bat (Zaragoza, Espainia, 1973). Esako urtegiari buruz mintzatu da, eta argi erran du handitzeko obrak gelditu beharko lituzketela, segurtasunari buruzko zalantzak argitu bitartean.

Esako urtegiari buruz mintzatu zara, ikastaroaren harira. Zer iritzi duzu segurtasunari buruz?

Esako urtegiko horma apurtzeko arriskua batez bestekoa baino handiagoa da. Ez naiz ari zenbaki batez; hau da, ez dut erran nahi batez besteko arriskuak 5eko balioa duela, adibidez, eta Esakoak 6koa. Balorazio kualitatiboa da, baina badu oinarria. Arriskua handiagoa dela diot Esako urtegiko segurtasuna zalantzan jarri duten hamaika txosten badagoelako. Segurtasunaren inguruan halako eztabaida piztu duen urtegi bakarra da Esakoa. Arriskua handiagoa dela diot Antonio Casas eta Maite Rico irakasleek egindako lana kontuan hartuta; kontuan hartuta urtegiko ingeniari Rene Petitek berak egindako adierazpenak; Antonio Aretxabala geologoak ere zalantzan jarri du segurtasuna; bai eta Zaragozako Unibertsitateko irakasle Jose Manuel Nicolauk eta CSICeko kide Pedro Montserratek ere. Azken horrek aurretik erran zuen Biescasen zer gertatu zen. Arriskua handiagoa dela erran dut, eta inork ez du hori gezurtatu.

Ebroko Ur Konfederazioaz ari zara?

Bai. Erakunde horrek ezin die bizkarra eman kritikei. Ezin dute isiltasunarekin erantzun. Ebroko Ur Konfederazioak erabat aldatu beharko luke orain arteko jarrera, eta bere esku duen informazioa zabaldu. Eztabaida teknikoa egiteko aukera jarri beharko luke mahai gainean. Orain arte isilik gelditu da.

Urtegitik behera bizi diren herritarrek konfiantzarik ez dutela erran dute hainbat aldiz.

Segurtasunari buruzko alarma ez dute piztu txostenak mahai gainean jarri dituzten adituek; isiltasunaren bidez erantzun duen erakundeak sortu du. Ebroko Ur Konfederazioak, alegia. Ez du informaziorik eman, eta ez du garden jokatu.

Hainbat lur mugimendu gertatu da urtegian.

Konfederazioak ez du deus erraten, baina herritarrek ikusten dute inguruan zer gertatzen ari den. Eta gertatzen ari da konfederaziotik kanpoko hainbat adituk gertatuko zela erran zutena. Nik ez dakit zein arrazoi dagoen konfederazioaren jarreraren atzean; ez dakit benetan erantzunik ez dutelako isiltzen ote diren, edo harrotasunagatik ote den. Baina argi dut alderantzizkoa egin beharko lukeela erakunde horrek, hain justu. Eztabaidarako mahai teknikoa osatu beharko lukete, iritzi guztiak jaso eta aztertzeko. Kanpoko adituak eraman beharko lituzkete mahai horretara; nazioarteko adituei eskatu beharko liekete txostenak egiteko. Esako auzian konfederazioa epaile eta parte da, eta hori ezin da onartu.

Eskuineko hegalean gertatu denaz zer iritzi duzu?

Ni ez naiz geologoa, baina Esako urbanizazioekin gertatu dena ikusita, argi dago konfederazioak agerian utzi duela lanean ari den tokia ez duela ezagutzen. Inprobisatzen aritu dira. Eskuineko hegal horretan egin behar izan dituzten lan guztiek, gainera, garestitu egin dute proiektua. Aurrekontua hirukoiztu egin dute jada.

Ezkerreko hegalean ere izan dira lur mugimenduak, eta presa altxatu egin da. Nola eragiten dio horrek segurtasunari?

Horma altxatu izana ez du bereziki kezkagarritzat jo Ebroko Ur Konfederazioak. Hemen argi dago presa bat segurutzat jotzen dela baldin eta indarrean dauden legeak betetzen baditu. Baina legea betetzea eta segurua izatea ez dira gauza bera. Presak hiru multzotan sailkatzen dira, arriskuaren arabera. A multzoa da arrisku handiena duten presena. Eta urtegi handi guztiak sartzen dira horretan. Esa ere bai. Nik uste dut presak hagitz seguruak direla, oro har. Baina zenbaitetan huts egiten dute. Hutsak gertatzeko aukerak txikiak dira, baina, gertatzen direnean, ondorioak hagitz larriak izaten dira. Horregatik garrantzitsua da hutsak gertatzeko arriskua kontuan hartzea. Ebroko Ur Konfederazioak berak erraten du bere webgunean ezin dela erran Esa erabat segurua denik, badela hutsa gertatzeko aukera, nahiz eta aukera hori txiki-txikia izan. Gaur egun, gainera, egin beharko genuke gogoeta bat, eta pentsatu klimaren aldaketaren eragina kontuan hartu beharko genukeela, akaso, presak diseinatzerakoan.

Segurtasunean izan dezake eragina?

Bai. Kontuan hartu behar dugu presak egiten direnean denbora epe jakin batean egin dezakeen euriterik gogorrena kalkulatu egiten dela. Adibidez, mila urtetik behin egin dezakeen euriterik gogorrena hartzen da kontuan, eta horren arabera diseinatzen dira, bertzeak bertze, isurbideak. Kliman gertatzen ari diren aldaketak kontuan hartuta aztertu beharko genuke halako kalkuluak fidagarriak ote diren.

Kalkuluek huts egiten badute?

Txinan, 1975. urtean, Banqiaoko presa apurtu zen. 2.000 urtetik behin izaten ahal zen euriterik gogorrenaren arabera diseinatu zuten. Baina kalkuluek huts egin zuten. Eurite izugarria gertatu, eta presa hautsi zen. 171.000 pertsona hil ziren. Munduan dozenaka presa hautsi dira. Horregatik diot kontuan hartzekoak direla arriskuak. Eta, gertatzen direnean, zoritxarrari egozten zaio errua. Edo, bertzela, presak legea betetzen zuela erraten ohi da. Legezkoa eta segurua izatea ez baitira gauza bera.

Arriskua batez bestekoa baino handiagoa bada Esan, neurri bereziak hartu beharko lirateke?

Obrak bertan behera utzi beharko lituzkete, gutxienez, eztabaida egiteko, txosten berriak egiteko. Kontuz ibili beharko genuke. Dauden alternatibak aztertu. Egun bideragarria ote den ikusi.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.