Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza batzordean EH Bilduren bozeramaile da Bakartxo Ruiz, eta hark salatu du Batxilergoan sartzeko arau berriak kalte egingo diela Tafallatik, Zangozatik edo Pirinioetatik Iruñera joan behar duten D ereduko ikasleei. Azaldu duenez, orain arte, ikasketak euskaraz egin nahi zituzten Tafallako eta Zangozako ikasleek aukera zuten Batxilergoa Iruñeko D ereduko Iturrama ikastetxean egiteko, eta bertaraino autobusa zuten; orain, berriz, Nafarroako Gobernuak araudia aldatu duenez, ikasle horiek ez dira agertuko Iruñeko ikastetxeen eragin eremuetan, ez dute punturik lortuko, eta haien aurretik geratuko dira Iruñerriko ikasle guztiak, haiek beste ikastetxe bat ere bermatuta izan arren.
Pirinioetako ikasleen kasuan, berriz, Ruizek azpimarratu duenez, orain arte aukera zuten izena ematen zuten ikastetxearen helbidea ikaslearen helbide gisa jartzeko, baina eskola mapa berriak institutu atxiki bakarra izatea eragiten du, eta ezingo dute ikastetxea «irisgarritasunaren arabera» aukeratu.
Arte Batxilergoan, arazoak
Araudi berriak Arte Batxilergoan «disfuntzio batzuk» agerian jarri dituela ere uste du Ruizek. Zehazki, Arte Plastikoetako eta Arte Eszenikoetako Batxilergoez aritu da. Nafarroa osoan soilik Iturrama institutuak eskaintzen du lehenengoa euskaraz. «Orain arte, Nafarroa osoko ikasleei baimena ematen zitzaien ikastetxeko helbidea ikaslearen helbide gisa ager zedin; beraz, guztiek aukera berberak zituzten onarpen prozesuan, baina hemendik aurrera ez da horrelakorik gertatuko». Antzekoa gertatzen da Arte Eszenikoetako Batxilergoarekin. «Bi kasuetan, Iruñerritik kanpoko ikasleek zero puntu izanen dituzte; Iruñerrikoek, aldiz, hiru puntu». Hezkuntza Departamentuari «irtenbide bat» eskatu dio, «ikasle horiek diskriminaziorik jasan ez dezaten»; eta Hezkuntza kontseilariarentzat galdera bat erregistratu dute.
Batxilergora sartzeko araudi berria, D eredukoen kalterako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu