Batzarrek aztertu egingo ditu bozetan NaBaitik at aurkezteko beste aukerak

Beste alderdien arteko akordioekin autonomia galduko duela dio, eta koalizioa uztea proposatu die afiliatuei

joxerra senar
Iruñea
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Batzarre prest dago NaBaitik at urratsak egiteko. Haren ikuspuntutik, 2011ko hauteskundeetan Batzarre«koaliziotik baztertzea» bilatzen du Aralarrek hala EArekin nola EAJrekin hitzartu dituen akordioekin. Bi aldeko akordio horiek NaBairen erabakiguneetatik at hartu izana kritikatzeaz gain, edukiak «onartezinak» direla deritzo. Batzarreren ustez, akordio horiekin «autonomia galduko lukete». Horregatik, koalizioan jarraitu edo ez proposamena helaraziko diete afiliatuei. Gainera, hurrengo bozetan NaBaiz gain, «beste aukera batzuk» aztertzea erabaki du Batzarrek.

Herenegun bildu zen koordinadora, eta 70 pertsonak osatu zuten. Bileran erabakitakoaren berri eman zuten atzo. Agiriak sei puntu ditu, eta oso kritiko azaldu dira.

Aralarrek EArekin eta EAJrekin hitzartu dituen akordioekin,Batzarrek uste du hiru alderdiek «programa komunetik haragoko ekimenak inposatu» ditzaketela. «Gure ikuspuntua askatasunez defenditzeari eta gure autonomiari uko egingo genioke», iritzi dio. Akordioak erabat itxita ez badaude ere, egun indarrean den paritatearekin amaitzea dakar eta horren guztiz kontra dago Batzarre. Akordioen arabera, datorren legealdian lau alderdietatik hiruren oniritzia nahikoa izango da.

Batzarrek azaldu du iragan asteazkenean lau alderdiak bildu egin zirela eta EAk, EAJk eta Aralarrek «ezezkoa» eman diote Batzarreren politika eta antolamendu arloko proposamenak negoziatzeari. Batzarrek nahi du, besteak beste, paritateari eustea.

«Batzarre baztertu nahi dute»

Aralarrek azkenaldian azpimarratu du Batzarrerekin ezadostasun nagusia ez datzala antolamendu arloan, baizik eta bere bilakaera ideologikoan. Aralarren ustez, Batzarreren proposamen ideologikoak Nafarroa Bairenizaeraren ikur diren oinarrien aurka doaz. Batzarrek dio adierazpen hori «oldarkorra» izateaz gain «gezurra» dela. «Agerian jartzen dute baztertu egin nahi dela Batzarre».

Nafarroako Ezker Batuaren aukera mahai gainean du Batzarrek. IU-NEBek publikoki koalizioan aurkezteko aukera helarazi dio. Orain arte, Batzarrek ukatu egin du IU-NEBekin hauteskunde gaiez hitz egin dela, eta lehentasun nagusia NaBai dela azpimarratu du. Alabaina, orain «beste aukeren» artean lehena IU-NEB izango du.

Azken egunetan EA eskaini daBatzarrerekin bitartekari lanak egiteko. Orain, ordea, egoera aldatu egin dela onartu du Maiorga Ramirezek, EAko Nafarroako koordinatzaileak. «Bitartekaritzarako prest gaude, baina Batzarrek bere erabakia hartu du, eta, hori ikusita, bitartekaritza lanek ez dute zentzurik».

Batzarreko afiliatuek behin betiko erabakia hartu zain, independenteekin akordioa hitzartzea falta da. Gaur Aralarrek Iruñeko Baluarten egingo duen batzarrean, erabaki organoetan independenteen ordezkaritzak erabaki ahalmena izateko proposamena publiko egingo du. Horrez gain, Patxi Zabaleta presidentegai izatea berretsiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.