Batzordeak dio Frantziako zentralek asko inbertitu beharko dutela segurtasunean
Segurtasun Nuklearrerako Frantziako Batzordeak ohartarazi du «inbertsio handiak» egin beharko dituztela herrialdeko zentral nuklearretan segurtasun neurriak betetzeko. Gobernuak eskatuta, zentral nuklearrak aztertu ditu batzordeak, eta ondorioa atera du: «Guztiak badira nahiko seguruak berehala gelditzeko ez eskatzeko, baina martxan jarraitzekotan, ahalik eta azkarren indartu behar dira segurtasun neurriak». Andre-Claude Lacoste batzordeko presidenteak eman du azterketaren berri, baina ez du zehaztu zenbateko inbertsioak egin beharko dituzten. Ezbeharrei aurre egiteko planak indartu behar direla nabarmendu du batzordeak: berehala esku hartzeko gai izango litzatekeen talde bat sortzeko eskatu du, eta ezinbesteko jo du eraikuntzak gehiago babestea. Ekainera arteko epea eman diete zentraletako arduradunei neurriak ezartzeko planak egiteko. Aginduak bete ezean zigorrak jarriko dituela adierazi du Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu