«Batzuek ETAren barne eztabaida eragotzi nahi dute»

Carlos Garaikoetxeak dio egungoa «erabaki garrantzitsuak» eta jarrera «trebeak» hartzeko garaia dela

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak uste du Bilduk «argiago» exijitu beharko liokeela ETAri indarkeria behin betiko amaitzeko, baina aitortu du ulergarria dela koalizioko kideek «inoren soinuan dantza egiteari» uko egitea. Haratago jo du Garaikoetxeak El Diario Vasco egunkariari eskainitako elkarrizketan: «ETAren barruan behin betiko eztabaida egiteko baldintzak dauden honetan, batzuk egoera horri jazarri eta oztopatzen ari dira».

Garaikoetxearen irudiko, egungoa «erabaki garrantzitsuak» hartzeko garaia da, eta halako egoerek «jarrera trebeak eta azkarrak» eskatzen dituzte. Nolanahi ere, ziur da Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean elkarrizketak egon badaudela: «Argi dago 50 urte dituen erakunde batek ez duela pertsiana jaitsiko alor teknikoak jorratu gabe, hau da, politikatik harago dauden presoez, desarmeaz eta halako gaiez hitz egingabe».

Hala ere, esan du ez dakiela noiz iritsiko den ETAren behin betiko amaiera: «Irlandan hamar urte behar izan zituzten. Espero dut hemen askoz ere azkarrago joatea».

Lehendakari ohiak salatu du Bilduri egiten ari zaizkion kritikak eta erasoak «neurrigabeak» izaten ari direla maiatzeko hauteskundeak izan zirenetik. Hala eta guztiz ere, azpimarratu du eraso horiei koalizioa «neurriz» ari zaiela erantzuten. EAk Bildun egin duen ekarpena «funtsezkotzat» jo du, eta ziur dago denborarekin Bilduren kudeaketa ildo sozialdemokratetara hurbilduko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.