”Ekonomia sagarrez betetako sagarrondo bat bezalakoa da. Azkar usteko batek eskailera bat badu, sagar guztiak berak hartuko ditu, eta hondarrekin utzi besteak. Sistematik asko hartzen duenak besteei kendu egiten dielako hartzen du”, dio Nekane Jurado ekonomistak. Azkenean, Harkaitz Zubiri soziologoak ere azaltzen duen moduan, neoliberalismoaren formula argia da: batzuei kentzea beste batzuk aberasteko”. Izan ere, aberatsek merezi dute, eta besteek... merezia dute.
Michael Young soziologoa izan zen meritokrazia esapidea erabiltzen lehena, XX. mende erditik aurrera Erresuma Batuan gertatzen ari zena deskribatzen eta salatzen zuen liburu satiriko batean, 1958an. Berak hartan iragarritakoak nola bete ziren gaitzetsi zuen gero 2001ean, Tony Blairri kritika latza eginez idatzitako Behera meritokrazia! artikuluan. Youngek azaldu zuen behin estatusa jaiotzari gero eta gutxiago lotzen zitzaiola klase berri bat —elite berria— sortzen zela, meritokraziaren legitimaziopean hainbat kritika eta protesta aurrezten zituena. Kontatzen zuen nola meritokratek uste duten euren merituengatik merezi dutela nahi duten guztia.
AEBetan eta gurean
Askatasunen AEBetako amerikar ametsa eta self-made man direlakoak dira horren ikono gorenak. Baina, Zubirik azaldu duenez, diskurtso meritokratikoa gurean ere aspalditik dugu, Argien Mendeak zekitenak eta ez zekitenak bereizi zituenez geroztik.
Hain zuzen, meritokraziari buruz egin du bere tesia Zubirik, meritokraziaren diskurtsoak diona, norberaren posizio soziala soilik meritu indibidualetan oinarritzen dela, egia den aztertzeko. Ondorioak argi ditu Zubirik. Ez dago meritokraziarik. ”Ez direlako baldintzak betetzen”.
Diskurtso meritokratikoaren arabera, ”hezkuntzan, adibidez, gehien balio duenak, gehien saiatu denak eta aukera onenak egin dituenak egingo du ibilbide akademiko prestigiotsuena. Eta besteek, ez”. Baina Zubirik dion moduan, ez dira betetzen. ”Azkenean banakoak ez ezik, faktore askok ere esku hartzen dutelako ibilbide akademiko eta profesionaletan; familiak, hezkuntza sistemaren izaerak eta enpleguaren munduaren egoerak, adibidez”.
Lan munduan, berriz, diskurtso meritokratikoak dio hezkuntza maila hobetzea dela arazoak konpontzeko modua. Zubirik dio estatistikek erakusten dutela zenbat eta heziketa maila handiagoa izan orduan eta arrisku gutxiago dagoela krisiaren okerrena sufritzeko. Baina, hala ere, historian lehen aldiz, maila sozial guztietan hezkuntza mailak gora egin duenean, krisiarekin enpleguaren kalitatea okertu egin da, prekarietatea agertu da. ”Mauka enpleagatzailearentzat, nahi adina eskulan kualifikatu eta merkea”.
”Meritokraziaren baldintzak beteko balira ere”, egiten du gogoeta Zubirik, ”zer esan nahi du horrek? Ez baduzu meriturik ez duzula eskubiderik oinarrizko gauza batzuetarako? Zerk egon behar du gainetik, merituak ala eskubideak?”.
Baina meritokraziaren baldintzak beteko balira bezala jokatzen dugu, jende bat balio ez duelako baztertuz, horrek pertsona horientzat eta gizartearentzat dakarren galera aintzat hartu gabe. Azkenean, Zubirik dioenez, ”neoliberalismoaren armarik indartsuenak kulturalak dira. Makineria erraldoi bat behar da zu gai ez zarela sinetsarazteko. Horrela legitimatzen da egoera”. Eta indibidualismoa bera ere, soziologoak agertzen duenez, ”ez da ezerezetik sortzen. Testuinguru historiko baten, aldagai askoren produktua da. Eta haren emaitzetako bat da sentitzea ez garela gai horri erantzuteko, aurre egiteko”.