Baxenabarren atxilotu hiru gazteek jasan «presio eta mehatxuak» salatu dituzte

Horrelako atxiloketak «ondoko Poliziaren azpijokoen prestatzeko galdeketa politikoak» direla dio Askatasunak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Berrogei ordu iraun zuen galdeketa hartan «mehatxuak eta presioak» jasan izana salatu dute Jordi Foucher eta Julien Bidartek, azaroaren 22an Baxenabarren atxilotutako gazteek. 2008an Baigorrin izandako kale eraso bati buruzko inkestaren barnean atxilotu zituzten biak, baita William Indart ere. Ohartarazi dute «froga seriosik» ez zeukala Poliziak, zehaztuz Baigorriko supermerkatuko bideokameretan diren irudi batean oinarritu dela Polizia erasoaren eta haien arteko lotura egiteko.

Foucherrek eta Bidartek euren atxiloketaren berri eman zuten atzo Askatasunak Baionan egin prentsaurrekoan. «Gezurrak», «kolaboratzeko proposamenak», «presio psikologikoak», «ziega zikinak»... Frantziako Poliziaren «ezin onartuzko» joera gaitzetsi dute gazteek.

«Ondoko Poliziaren azpijokoen prestatzeko galdeketa politikoak dira atxiloketa hauek», Muriel Lucantis Askatasunako bozeramailearen iritziz. Argi dauka errepresioarekin kontrol soziala eta fitxaketa masiboa daukala helburu Frantziak. Horrez gain, beldurra eta etsipena zabaltzeko eta protesta mugimenduak suntsitzeko xedez ari direla gehitu du. Hala eta guztiz ere, egoera «onartezin» hauen salatzen jarraituko dutela argi utzi du Askatasunak.

Gazteek pairatu behar duten «errabia juridiko-poliziala» gogor salatu zuten; baita Foucheren gurasoek ere, semeen «bakean uztea» exijituz. Hain zuzen, nahiz Fouchek 18 urte ukan, bigarren aldia du atxilotzen dutela.

Bilkura publikoak, urtarrilean

Egoera horri buruz eta, oro har, herritarrek dituzten eskubideei buruz bilkura publikoak antolatuko ditu Askatasunak.

Egoera horri begira guraso guztiek «zerikusia sentitu» behar dutela uste du Foucheren amak, «haur guztiek bezala heldu bilakatzeko eskubidea» dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.