Hemezortzi boto alde, eta 32 kontra. Zenbakitan, emaitza hori jaso du Ezkerrak Euskararen Legea aldatzeko eta euskaraz ikasteko eskubidea Nafarroa osoko sare publikoan bermatzeko asmoz Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako proposamenak. Atzera bota dute, Nafarroa Baiko eta Bilduko parlamentarien babesa baino ez baitu jaso. UPNk, PSNk eta PPk, berriz, kontrako boza eman diote.
Ezkerrak aurkeztutako proposamenak helburu argia zuen, talde horretako parlamentari Txema Mauleonen hitzetan: «Nafarroa osoko gurasoen eskubideak berdintzea». Hau da, denek aukera izatea seme-alabak euskaraz matrikulatzeko. Nafarroa osoan, eta sare publikoan. Eskubide hori, gaur egun, ez da betetzen eremu ez-euskaldunean. Eremu horretan ikastolek eskaintzen dute D eredua, eta zentro horietara jo behar izaten dute euskararen aldeko hautua egiten duten gurasoek; ikastoletara, bai eta eremu mistoko ondoko herrietako ikastetxeetara ere.
Hautu horrek, hain zuzen ere, ahalegin berezia eskatzen die gurasoei, Mauleonek azpimarratu duenez. Ezkerrako parlamentariaren ustez, ordea, ahalegina egitea administrazioari dagokio. Gizarteak, gainera, euskarazko irakaskuntzaren aldeko jarrera argia erakutsi duela gogorarazi du, eta Nafarroako Gobernuak, ondorioz, eskaintza errealitatera egokitu beharko lukeela eskaera horri erantzuna emateko. «2008koa da azken inkesta soziolinguistikoa; haren arabera, nafarren %66,5ek babesten dute euskarazko irakaskuntza herrialde osora zabaltzea; eremu ez-euskaldunean, horren alde dira herritarren %60,8; eremu ez-euskalduneko gurasoen %28,2k, gainera, seme-alabek euskaraz ikastea nahiko lukete».
Datuek erakusten duten errealitatea ikusirik, «gutxieneko akordioa» lortzeko asmoa agertu die Mauleonek Nafarroako Parlamentuko gainerako taldeei. Ez du lortu, ordea. Nafarroa Baik eta Bilduk baino ez diote babesa eman Ezkerrak Euskararen Legea aldatzeko aurkeztutako proposamenari.
Argi utzi dute, hala ere, ez dutela babesten egun indarrean dagoen legea. «Ez die erantzuten Nafarroak dituen beharrei; lege baztertzailea da», erran du NaBaiko Nekane Perezek. Antzeko iritzia agertu du Bilduko Bakartxo Ruizek: «Euskararen Legeak jasotzen duen zonifikazioak hizkuntza eskubideak urratzen ditu». Ezkerrak proposatutako aldaketari babesa eman diote, dena den, euskararen aldeko urratsa delako.
Aldaketaren aurka
Ez dira urrats hori egiteko prest, ordea, UPNko, PSNko eta PPko kideak. Argi utzi dute hori Nafarroako Parlamentuan. Nafarroako Gobernuko bazkideek, hala ere, arrazoi ezberdinak jarri dituzte mahai gainean. UPNk, batetik, legea aldatzeko proposamenarekin egun indarrean dagoen zonifikazioa bertan behera utzi nahi izatea egotzi dio Ezkerrari. Hau da, eremu mistoaren pareko bilakatu nahi izatea eremu ez-euskalduna. UPN, Carmen Gonzalez parlamentariaren hitzetan, ez da halakorik onartzeko prest. Haren ustez, herritarren babesa dute: «Herritarrek haien botoen bidez bat egin dute hamabost urtez gure hizkuntza politikarekin». Gonzalezen hitzetan, Nafarroako Gobernuak bermatzen du guraso orok seme-alabak euskaraz matrikulatzeko duen eskubidea: «Eremu ez-euskaldunean ikastolak daude, eta ikastetxe publikoak eremu mistoan. Ahalegina egin behar dutela gurasoek? Akaso bai, baina ahalegin horrek ez du lege aldaketa justifikatzen».
PSNko parlamentari Pedro Rasconen ustez, bertzetik, Ezkerrak proposatutakoa ez da garrantzizko aldaketa. Eta, horregatik, hain zuzen ere, haren kontrako boza eman dute sozialistek. «25 urte bete ditu Euskararen Legeak, eta zenbait arlotan zaharkituta gelditu da; Ezkerrak proposatutako aldaketa, dena den, ez da esanguratsua. Legea baliagarria da oraindik», erran du.
Sozialistak azpimarratu du, gainera, egungo legeak ez duela debekatzen eremu ez-euskalduneko sare publikoan euskaraz ikasteko aukera eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuaren hezkuntza politikaren esku dagoela bide hori gauzatzeko aukera.
Horretarako beharrik ez du ikusten PPk. Horixe erran du Amaia Zarranz parlamentariak, eta zalantzan jarri du eremu ez-euskaldunean euskarazko irakaskuntzaren aldeko jarrerak gora egin duenik.
Datuak berretsi ditu Ezkerrako Mauleonek, hari erantzunez. PSNkoen jarrera kritikatu du, halaber, eta Ezkerrak eskatutako aldaketa sozialistek ere babestu izan dutela erran du. «Orain, ordea, lehen errandakoa ahaztu egiten dute». Aurkeztutako proposamena bertan behera gelditu arren, gaiari buruzko eztabaidari ez dio uko egin Ezkerrak. Mauleonek iragarri du Nafarroako Parlamentuan ponentzia egiteko proposamena aurkeztuko dutela.
Bazter utzi dute Euskararen Legea aldatzeko proposamena
Ezkerrak aurkeztu du egitasmoa Nafarroako Parlamentuan, eremu ez-euskalduneko sare publikoan euskaraz ikasi ahal izatekoNaBaik eta Bilduk babesa eman diote; UPNk, PSNk eta PPk kontra bozkatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu