Baztertutako inbertsio batzuk egingo ditu Nuclenorrek Garoñan, luzatuz gero

Enpresaren arabera, aurrerapausoa da zentrala 2019ra arte martxan mantentzeari CSNk oniritzia ematea

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak 2019. urtera arte luzatzen badu Santa Maria de Garoñako (Espainia) zentral nuklearraren jarduna, jarduera operatiboak eta inbertsioak egiteko egutegia moldatu beharko du Nuclenorrek, zentralaren jabeak. Enpresaren kanpo harremanetako arduradun Antonio Cornadoren arabera, hainbat inbertsio ezin zituen egin Nuclenorrek zentrala ixteko epea 2013an ezarrita zegoenean, baina bai, ordea, PPko gobernuak zentralaren jarduna beste sei urtez luzatzen badu.

Aldaketa hori eginez gero, Garoña «etorkizun berrira» egokituko du Nuclenorrek, Cornadoren esanetan. Haren iritziz, enpresak ezin zituen arlo anitzetan egin beharreko inbertsioak egin, bi arrazoi zirela medio: zentrala ixteko epea «gertuegi» zegoelako, eta itxiera data 2013an ezartzen zuen agindua «oso zorrotza» zelako. Heziketa alorrean, proiektuetan eta ordezkatze planetan egin beharreko inbertsioak aipatu ditu Cornadok, eta gogorarazi du horiei gehitu egin behar zaizkiela zentralaren erresistentzia probaren emaitzek diotena betetzeko egin beharreko inbertsioak. Fukushimako (Japonia) hondamendi nuklearraren ondorioz hasi ziren zentralei erresistentzia probak egiten.

Segurtasun aldetik Garoñaren jarduera luzatzeko trabarik ez duela ikusten adierazi zuen pasa den ostiralean CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak. 2013an zentrala ixteko agindua eman zuen artean PSOEren esku zegoen Espainiako Gobernuak, 2009ko uztailaren 9an; erabaki hori atzeratzeari oniritzia eman dio CSNk. Txostenaren berri izan eta gero, Garoña zabalik mantentzeko asmoa berretsi zuen iragan larunbatean Espainiako Gobernuko Industria ministro Jose Manuel Soriak, eta pozik agertu zen CSNren txostenarekin: «Espainiak ezin dio uko egin energia iturri bakar bati ere».

CSNren ebazpena eta Soriaren hitzak aurrerapausotzat jo ditu Cornadok, baina tentuz hartu ditu, zentrala ixteko agindua oraindik indarrean dago eta. Nolanahi ere, zentralaren jarduna luzatzeko prozesua arduraz egiten ari dela ziurtatu du. PPk agindua aldatuz gero, irailaren 6ra arteko epea du Nuclenorrek zentralaren jarduera luzatzea galdegiteko.

Gaztela eta Leongo Gobernuak Garoñako zentralari ekotasa bat ezartzeko aukeraren inguruan ere hitz egin du Cornadok. Haren arabera, Nuclenorrek «beti» bete du araudia, eta horrela jarraituko du ingurumen zerga ordaindu behar badu ere. Dena den, ohartarazi du zerga hori ordainarazteko legedia oraindik ez dela argia, eta zentral nuklearrei tasa hori ezarri nahi izan dieten erkidego guzietan zentralek helegitea jarri dutela.

Kontu eske

Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren eta Ingurumen ministroaren adierazpenek hautsak harrotu dituzte alderdi politikoen artean. Zentralaren jabeen bidez Garoñaren etorkizunaz EAJk erabaki dezakeela esan du EAEko PPko idazkari nagusi Iñaki Oiartzabalek. Horrela azaldu du: Iberdrola da zentralaren jabe nagusia; Kutxabank da Iberdrolako erreferentziazko akzioduna; eta EAJk du gehiengoa Kutxabankeko administrazio kontseiluan.

EAJk, aldiz, «asmo txarra» antzeman du Oiartzabalen hitzetan; EAJko Arabako batzarkide Ramiro Gonzalezen iritziz, EAEko PPk Espainiako Gobernuarekiko duen mendetasuna agerian ez uzteko egotzi dio Oiartzabalek EAJri Garoña zabalik mantentzearen ardura. Kutxabankek Nuclenorren akzioen %3 baino gutxiago dituela esan du Gonzalezek, eta gezurretan aritzea eta arduragabekeriaz jokatzea leporatu dio Oiartzabali: «PPrena da erantzukizun bakarra».

Bilduren iritziz, berriz, zentrala 2019ra arte lanean izatea «arrisku onartezina» da ingurumenarentzat eta pertsonen segurtasunarentzat. Hondamendi nuklear bat gertatuz gero, zentralaren inguruetan bizi diren «milioika herritarren bizitzak» jokoan egongo liratekeela adierazi du koalizioak. Zentrala 40 urterako sortu zela eta hormetan pitzadura ugari dituela gogorarazi du, eta Garoñakoa Fukushimakoaren teknologia, sistema eta ahalmen berarekin eraiki zutela erantsi. Zentrala ixtearen aldeko elkarretaratzea egingo dute gaur hainbat eragilek Bilboko Iberdrola dorrearen atarian; protestari atxikimendua adierazi dio Bilduk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.