Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordean, eta beste txertaketa gune baten berri eman du. BECen ezarriko dute gunea (Barakaldo, Bizkaia), 65 urtetik beherakoak txertatzeko, eta jakinarazi du egunero 5.000 dosi jartzeko gaitasuna izango duela. Haren arabera, era horretan, erantzun «azkarra eta eraginkorra» emateko aukera egongo da. Ez du data zehatzik aipatu, baina ohartarazi du txertaketa eremua «laster» jarriko dutela martxan.
Kanpainako datu gehiago ere eskaini ditu. Emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 369.462 dosi jarri dira orain arte, eta erantsi du hurrengo egunetan ere txertoak ematen jarraituko dutela, tartean jaiegunak egon arren. Izan ere, zehaztu du AstraZenecaren txerto kopuru bat iritsiko dela ostiralean hiru lurralde horietara. 52.000 dosi izango dira, eta 65 urtetik beherakoei emango zaie. Gainontzean, helduenei Pfizer eta Modernoa txertoak ematen jarraituko dute.